Altsasu: talde egitea, erronka

Guaixe 2015ko urr. 15a, 12:15
Altsasu futbol talde erregionala.

Gaztea eta ia berri-berria da erregional mailako Altsasu taldea. Alonso Davilak eta Iñaki Mendozak taldea osatzea dute helburu

Aldaketa asko daude Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) klubeko erregional mailako Altsasu taldean. “Talde oso gaztea da. Bost jokalari izan ezik, gainontzeko jokalari guztiak berriak dira, jubeniletik igotakoak gehienak, baina baita beste taldeetatik etorri direnak ere, tartean Lagun Arteatik, eta baita adinez oraindik ere jubenilak direnak” adierazi digu Sociedad Deportiva Alsasua taldeko futbol koordinatzaile Gorka Pascuak.

Trantsizioa
Eta talde berri honek entrenatzaile berria du baita ere. Alonso Davila altsasuarrak hartu du taldea gidatzearen ardura, Iñaki Mendozaren laguntzarekin. “Aurretik kategoria txikiko talde batean aritu zen entrenatzaile Alonso. Aurten talde nagusia entrenatzera animatu da, Mendozaren laguntzarekin. Egia esan, giro oso ona dago aldageletan. Jokalari asko koadrila berekoak dira eta giroa bikaina da” gaineratu du Pascuak. Pascuak nabarmendu duenez Altsasu erregional mailako taldearen helburua taldea sortzea da. “Oso gazteak dira gehienak. Hortaz, erronka taldea sortzea da, jokalariak futbolean gustura aritzea, disfrutatuz, eta taldea egitea. Ez gaude klasifikazioan pentsatzen. Emaitza onak badatoz, hobe, baina bestelako helbururik gabe. Aurtengo urtea trantsiziokoa da, hurrengo denboraldian hobe aritzeko. Aurrerantzean etorriko dira beste helburu batzuk” azpimarratu du Pascuak.

Pascuak onartu du orain arteko partidak ez direla oso ongi joan. “ Bi berdindu ditugu eta beste hirurak galdu. Baina ongi aritu gara, kritika onak izan ditugu. Taldea badugu, baina oraindik egiteko dago. Pentsa, erdiak jubenilak dira oraindik. Zerotik hasi gara: jokalari berriak, entrenatzaile berriak… Ekainean ez genekien taldea sortuko zen ere, eta bilera baten ondoren taldea ateratzea lortu genuen. Hastapenetan gaude, baina kontentu” azaldu du Pascuak. Futbol koordinatzailearen esanetan beste taldeekiko ezberdintasun nabariena adinean datza. “Gure jokalari askok oraindik gorputza garatu gabe dute eta hori partidetan nabaritzen da. Baina pixkanaka. Ez gaude motibatu gabe, oso animatuta baizik. Giro ona dugu. Mutikoek badakite non gauden eta orduan… tiratzera” ondorioztatu du Pascuak.

Erregional mailako Altsasu 2015-2016
Atezainak: Asier Izagirre eta Ekai Urkijo
Atzelariak: Jon Lapuente, Xabier Ormazabal, Mikel Cordero, Gorka Martinez, Iker Diaz, Gorka Chamorro eta Ion Artigas.
Erdilariak: Xabier Mazkiaran, Joel Barreiro, Iokin Lobo, Yerai Perez de Villarreal, Javi Guisado eta Xabier Saez de Asteasu.
Aurrelariak: Cristian Leon, Alexander Quiñonez, Imanol Martinez, Imanol Reparaz, Nabil Essobai eta Annder Corchero.
Entrenatzaileak: Alonso Davila.
Entrenatzaile laguntzailea: Iñaki Mendoza.
SDAko futbol koordinatzailea: Gorka Pascua.



SDAren aurkezpena: 250 futbolari inguru
Astelehenean egin zuen Sociedad Deportiva Alsasuak bere futbol taldeen aurkezpena Dantzalekun. Guztira 250 neska-mutiko arituko dira aurten futbolean trebatzen, aurrebenjamin mailatik erregional maila bitartean, 13 taldetan banatuta. Talde bakoitzaren aurkezpena egin zuten asteleheneko ekitaldian. Ekitaldian Razesa etxeko mountain bike bizikleta zozketatu zen.

Jubenilak 24 dira eta jubeniletako 2. mailan lehiatuko dira. David Fernandez de Garaialde jokalari ohia dute entrenatzaile eta Julian Javier Sevilla da bere laguntzailea. Kadeteak 1. mailako kadeteetan arituko dira. 24 mutiko dira eta Javier Riezu dute entrenatzaile eta Alfonso Castellano laguntzaile. Haurren mailan hiru talde ditu Altsasuk. Lehen mailako haurren mailako entrenatzaile berria Jokin Lobo da eta Imanol Reparaz du laguntzaile. 2. haurren Nafarroa kategoriko entrenatzailea Xabier Lopez da eta bigarren mailako haurren entrenatzailea Elena Sanchez, Mikel Corcheroren laguntzarekin. Aipatzekoa da azkenean emakumezkoen taldea sortu duela aurten Altsasuk kadete-haur mailan lehiatuko den taldea, futbol 8an. 13 neska dira, guztiak Sakanakoak, June Alzelai eta Gorka Pascuaren begiradapean entrenatzen direnak. “Taldea ateratzea kostatu zaigu baina lortu dugu. Oraindik ez da liga hasi, baina orain arte 6 partida jokatu ditugu eta ez dugu galdu. Oso kontentu gaude” dio Gorka Pascuak.

Kimuen mailan 5 talde ditu Altsasuk eta talde guztiek Sakanako Mankomunitateak antolatuko dituen Futbol 8 Topaketetan hartuko dute parte. Txartel taldeko entrenatzaileak Javier Guisado eta Esteban Letona dira, Seguros Sayas taldekoak Gorka Chamorro eta Aitor Lara, Kaixo jatetxekoak Andoni Barrena eta Eneko Garasa, Dantzaleku tabernakoak Alfonso Castellano eta Ekai Urkijo eta Mediolanum taldekoak Imanol Reparaz eta Jokin Lobo. Bukatzeko, aurre benjamin mailan bi talde trebatzen dira Altsasun, areto futbolean. Iñaki Cristobal da entrenatzailea. Haiekin soilik prestakuntza egiten dute, baina Sakanako beste klub batzuekin elkarbizitza jardunaldiak antolatzea aztertzen ari dira.  

“SDA klubean 250 neska-mutiko trebatzea oso positiboa da. Gainera, geroz eta jende gehiago dugu, aurreko urteekin alderatuta talde gehiago ditugu. Entrenatzaileak bilatzeko ere ez dugu arazorik izan. Talde nagusiko jokalariek ere kategoria txikiko taldeak entrenatu nahi dituzte, eta alde horretatik oso kontentu gaude” azaldu digu Gorka Pascuak.

Aldaketak SDAn
Sociedad Deportiva Alsasua elkartean ere aldaketa handiak izan dira aurreko denboralditik. Kudeaketa batzorde batek gidatzen du orain kluba. “Aurreko juntak utzi zuen eta ez zen inor aurkeztu juntako kide izateko. Horrela, kudeaketa batzorde batek hartu du taldea gidatzearen ardura, urte baterako. Denboraldi bukaerako asanbladan egingo da balorazioa eta erabakiko da zein bidea hartu” aipatu du Pascuak. Luismi Santano da presidentea, Jesus Sayas idazkaria, Javier Riezu diruzaina, Erkuden Lopez de Sabando, Amaia Serrano eta Felix Mazkiaran bokalak eta Gorka Pascua futbol koordinatzailea. Horretaz gain, SDAn pilota eta txirrindularitza ekitaldiak antolatzen dira.