Ferien txanda

Guaixe 2015ko urr. 16a, 08:41

Gaur hasita, hiru eguneko ospakizuna feria egunarekin despedituko da. Aurten zaldi lehiaketa Zelai kalean izanen da.

Lastaileko feria egunak iritsi dira Altsasura. Udalak herriko hainbat eragilerekin batera hiru egunetako egitaraua prestatu du. Gaur, haur jolasak izanen dira nagusi. Bihar kirola, bertso poteoa eta peñen bazkaria. Eta, etzi, ohi bezala, feria. Domekan, bazkaldu ondoren, erremonte jaialdiarekin, zinema emanaldiekin, dantzaldiarekin eta zezensuzkoarekin gozatzeko aukera izanen da.

Ferietako berritasuna zaldi lehiaketaren kokapena izanen da; Ferialeku kalea utzi eta Zelai kalera leku aldatuko da. Han 65 buru izanen dira, Auritz arrazakoak gehienak. Zaldi-azienda 19 gizonezko abeltzainek eramanen dute azokara, ia gehienak sakandarrak dira. Zazpi mailatan lehiatuko dira eta, gainera, Altsasuko azienda onenarendako saria ere izanen da. Udalak guztira 2.200 euro banatuko ditu saritan. Gainera, lehiaketan parte hartzen duen buru bakoitzeko 60 euroko garraio-saria ordainduko zaio abeltzainari.

Pirinioetako behien erakusketan, berriz, 37 buru izanen dira. Etxarri Aranazko bi abeltzainek eta Bakaikuko eta Senosiaingo banak ekarriko dituzte. Ibarreko abeltzainen latxa ardiak, ahuntzak eta astoak ere izanen dira azokan. Bestalde, animaliak ikusi dituzten txikiek ondoren zaldi gainean paseatzen ibiltzeko aukera izanen dute. Horretarako, Zubeztia plazatik pasa beharko dute.

Gartzia Ximenez eta Foru plazan 52 elikagai ekoizleren postuak izanen dira. Handik pasatzen direnek ogia, eztia, babarrunak, pastelak, txokolateak, ahate pateak, Idiazabalgo Gazta, barazkiak, kontserbak, txistorra, taloak, hestebeteak eta beste erosteko aukera izanen dute. Otadiko Kristo Deuna plazak, atzera ere, nekazaritza eta abeltzaintzarekin zerikusia duten erreminta eta makineriako postuak eta bitxikeri eta poltsa salmentarako 23 postu hartuko ditu.


Egitaraua
Lastailak 16, ostirala
18:00etan Txupinazoa, haurrendako jokoak eta txokolatada, Foru plazan. Antolatzailea: Peñen batzordea.
22:00etan Gaurkotasunezko zinema: Ricky, Iortia kultur gunean.

Lastailak 17, larunbata
11:00etan Altsasuko ferietako ikastetxeen arteko XXXVI. krosa. Irteera Foru plazatik. Antolatzailea: Dantzaleku Sakana Kluba.
12:00etan VIII. Onddo lasterketa (lehia gabea) Irteera Foru plazatik. Antolatzailea: Dantzaleku Sakana Kluba.
12:30ean Bertso poteoa, Julian Soto eta Eneko Lazkozekin, Foru plazatik hasita. Antolatzailea: Euskal Herrian Euskaraz.
14:30ean Peñen bazkaria, Lavadero eraikinean.
16:30ean Peñen kafea, kalejira eta merienda eta potea.
16:30ean Pirinioetako mastinen XI. topaketa, Iortia kultur gune parean. Antolatzailea: Espainiako Pirinioetako Mastinen Kluba.
17:00etatik 19:00etara Bikotekako pilota goxua txapelketaren finala Burunda Frontoian. Antolatzailea: Altsasuko Gazte Asanblada eta Pilotajauku. Doan.
19:00etan Japoniar bonbak, Foru plazan.
20:00etan Peñen jaitsiera Foru plazaraino.
19:30etik 22:00etara Dantzaldia Egan taldearekin, Foru plazan.
22:00etan Zezensuzkoa Foru plazan.
00:00etatik 2:30era Dantzaldia Egan taldearekin, Foru plazan.

Lastailak 18, igandea
9:00etatik 14:30era
Diana Altsasuko Txistulariekin.
Ganadu azoka, Zelai kalean.
Zaldi lehiaketa, Zelai kalean.
Nekazaritzako elikagaien azoka, Gartzia Ximenez kalean eta Foru plazan.
Erreminten eta makinen erakusketa, Otadiko Deuna plaza inguruan.
Azoka txikia, Baratzeko Bide plazan.
Ardi latxaren erakusketa, Ferialeku kalean.
Pirinioetako behi erakusketa, Ferialeku kalean.
XXX. Argazki rallya. Antolatzailea: Altsasuko Mendigoizaleak.
Sakanako IV. Arte Azoka Iortia Kultur gunean. Antolatzaileak: Artebide Taldea.

11:00etatik 13:30era
Zaldi lehiaketako sarien ematea, Zelai kalean.
Zalditan paseo bat txikientzat, Zubeztia plazan.
17:30etik 19:30era Erremonteko partidak, Burunda Frontoian. Doan.
Afizionatuen partidua: Rodriguez-Garces / Barrikart-Otano.
Profesionalen partidua: Ezkurra-Endika / Uterga-Etxeberria III.
17:00etan Familian ikusteko zinea: Magiaren etxea, Iortia kultur gunean.
19:00etatik 21:00etara Dantzaldia Duo Luisyana taldearekin, Foru Plazan.
20:10ean Gaurkotasunezko zinea: Ricky, Iortia kultur gunean.
21:00etan Zezensuzkoa, Foru Plazan.


Aparkalekuak eta autobus geltokian
Altsasuko Udaltzaingotik jakinarazi dute Zelai kalean ezin izanen dela aparkatu ez larunbatean ezta domekan. Feria egunarekin Zelai kalea aziendak hartuko duenez, igandean autobusak Idertzagain kalean geldituko dira, Aita Barandiaran adinduen egoitzaren ondoan.