Puntako erremontea Altsasun

Guaixe 2015ko urr. 16a, 08:51

Ezkurra-Endikak Uterga-Etxeberria III.a izango dituzte aurkari igandean, 17:30ean Burunda pilotalekuan

Erremonte jaialdia Altsasun
Igandean, 17:30ean, Burundan
Afizionatuak: Rodriguez-Garces / Barricart-Otano
Profesionalak: Ezkurra-Endika / Uterga-Etxeberria III

Altsasuko ferietako kirol eskaintzaren barruan, toki polita hartuko du erremonteak. Jakina denez, Altsasuk erremontista handiak eman ditu. Plazabona III.a, Goikoetxea, Urrestarazu, Zubelzu, Urteaga, Zacarias Elizalde, Kike Elizalde… Erremontista bikain haien garaiak gogoratzeko aukera izanen da Altsasun. Hori bai, beste erremontista batzuk izango dira protagonista, etorkizuneko erremontistak izango direnak eta egungo izarrak direnak.

Igandean, 17:30etik aurrera, hasiko da Fundación Remontek antolatutako jaialdia, etorkizuneko izarrak eta egungoak hartuko dituena. Lehenik eta behin Remonte Fundazioko Errendimendu Handiko Eskolako erremontista afizionatuen arteko partida egonen da jokoan. Rodriguezek eta Garcesek Barricart eta Otano izanen dituzte aurkari. Ondoren egungo izarren txanda iritsiko da. Ezkurrak Endikarekin osatuko du bikoa, Uterga eta Etxeberria III.aren kontra aritzeko.