Animatu onddo artean korrika egitera!

Guaixe 2015ko urr. 16a, 12:55

8. Onddo Lasterketa larunbatean jokatuko da, Altsasuko ferietan, eta lehenengoz 5 euro kobratuko dira Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkartearendako

Dantzaleku Sakana atletismo klubak, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera, 8. Onddo Lasterketa antolatu du Altsasuko ferietarako, larunbaterako. Urtetik urtera proba herrikoiagoa da hau, ez baita denborarik hartzen ez sailkapenik egiten. Helburua udazkenean zoragarri dagoen basotik barna korrikan buelta bat eman eta gustura pasatzea. Orain arte dohainik izaten zen proba, baina antolakuntzak 18 urtetik gorakoei 5 euro kobratzea erabaki du, jasotako diru hori guztia Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkarteari bideratzeko. “Klub bezala uste dugu herrian egiten diren gauzei gure babesa eman behar diogula eta horregatik egin dugu hau” adierazi du Dantzaleku Sakanako kide Peio Bergarak.

Josefina Arregiren Lagunen aldeko ekimenak
Hasieran kategoria txikiko probak izanen dira, 36. Eskolarteko Krosa baitago jokoan goizeko 11:00etan. 12:00etan helduen txanda izango da, 8. Onddo Lasterketan. 18 urtetik azpikoek ez dute inskripziorik ordaindu behar izango. “Hala ere, Josefina Arregiren Lagunak elkartearekin kolaboratu nahi badute, mahaitxo bat egonen da diru ekarpenak hartzeko. Eta baita elkarteko kide egiteko aukera ere. Egun elkarteak 450 bazkide ditu, urtero 12 euroko kuota ordaintzen dutenak, eta klinikan auzolanak egiten dituzten 52 boluntario. Onddo lasterketa ikustera hurbiltzen diren guztiek ere izango dute ekarpena egiteko aukera” gaineratu du Bergarak.

Korrika osatzeko zirkuitua eta ibiltzen osatzekoa
Onddo lasterketako ibilbidean ez dago aldaketarik. 6,6 km-ko lasterketa herrikoia da, onddoak ateratzen diren paraje zoragarrietatik barne: Otaibarren, Zamarretako zubia, San Pedro, basoitxi, Dantzaleku… “Ibilbidea nahiko eramangarria da, baina badago Josefina Arregi Klinikaren Lagunak taldearekin kolaboratu nahi duen jendea baina korrika egitea eurendako gehiegizkoa dena. Horregatik, 5 km-ko beste ibilbide bat prestatu dugu eurendako. Ordu berean aterako dira. Hortaz, ez dago aitzakiarik eta edonork parte hartu dezake Onddo lasterketan. Uste dugu elkartasun honek jende gehiago erakarriko duela gure lasterketara. Gure lasterketa oso herrikoia da, ez da lehiakorra eta naturaz gozatu nahi dugu, korrikan, onddoak ateratzen diren parajean. Mundu guztia gonbidatzen dugu” azpimarratu du Bergarak.

Kamisetak eta 600 produktu loteren zozketa
Proba korrikan osatzen dutenek kamiseta jasoko dute. Antolakuntzak 350 kamiseta egin ditu eta jasotzerakoan preferentzia izena aurretik internetez eman dutenek izango dute. Proba hasi baino lehen emakumeei kamiseta banatuko zaie, proba kamisetarekin jokatzeko. Bukaeran jasoko dute gizonezkoek. Helmugan freskagarriak eta edariak izango dituzte korrikalariek eta oinezko proba osatu dutenek. Guztien artean lehendabizi 3 onddo saski zozketatuko dira, eta ondoren feriekin lotutako produktuekin –txistorrak, gaztak, Katealde pateak, Lacturale esnea, ardoa, garagardoa…– osatutako 600 lote zozketatuko dira. Eta ondoren jasotako diru guztia Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkarteari emango zaio eta klinikari ere errekonozimendua egingo zaio.

2014an 116 emakume eta 167 gizon
Aurten parte-hartze gehiago espero dute. “2014an haurren proban 138 neska-mutiko aritu ziren eta proba nagusian 116 emakumezko eta 167 gizonezko. “Proba herrikoi-herrikoia da; lasterketa honek atletismoa sustatzen du, partaidetza, lehiatzeko beste lasterketa batzuk baitaude” nabarmendu du Bergarak.

Aurretik txikiak
Urriaren 17an, 11:000etan, lehenik eta behin kategoria txikienak ariko dira korrikan, 36. Eskolarteko Krosean. Kategoria ezberdinetako probak Altsasuko Foru plaza eta Zubeztia plaza artean antolatuko dira. Bukaeran zukua eta gozoren bat jasoko dute neska-mutikoek, eta produktu ezberdinak zozketatuko dira.

Izena emateko
www.dantzalekusakana.com web orrialdean, urriaren 16ko 24:00ak arte. Bestela, lasterketa egunean, larunbatean Foru Plazan.