Onddo lasterketa arrakastatsuena

Guaixe 2015ko urr. 19a, 12:25

500 korrikalari inguruk hartu zuten parte 8. Onddo Lasterketan eta 36. Eskolarteko Krosean. Josefina Arregi Klinikako Lagunen Elkarterako 1.660 euro jaso ziren

Altsasuko feriekin bat eginez eta sekulako eguraldi ederrarekin jokatu zen Dantzaleku Sakana atletismo klubak hainbat babeslerekin batera antolatutako 8. Onddo Lasterketa. Onddoak jaiotzen diren paraje ederretatik barna burututako 6,6 km-ko proba hau ez da lehiakorra, ez da sailkapenik egiten; helburua basoan barna buelta polita ematea eta atletismoaz gozatzea da. Horregatik, antolatzen diren proba herrikoienena da, zalantzarik gabe. Aurten are herrikoiagoa izan zen proba, parte hartzea bikaina izan baitzen: txikien kategorietan, hau da, 36. Eskolarteko Krosean, 99 korrikalari aritu ziren –aurreko urtean 138–, baina helduen 8. Onddo Lasterketan ia 400 parte-hartzaile –aurreko urtean 283–.

1750 euro Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkartearendako
Aurten, lehenengo aldiz, 18 urtez gorakoei proban parte hartzeagatik 5 euro kobratu zituen Dantzaleku Sakanak, diru hori guztia Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkarteari emateko. Horrela, 1.750 euro bildu ziren Onddoen Lasterketan, proba bukaeran taldeko ordezkariei eman zitzaiena, onddo saski bat eta Altsasuko feriekin lotutako produktu lote batekin bezala.
 


Kategoria txikiko probak Foru Plaza eta Zubeztia inguruetan jokatu ziren, goizeko 11:00etan hasita, aurrebenjamin mailatik hasita haur mailaraino. Eguerdian hasi zen Altsasu eta Urdiaingo dermioetan barna burututako Onddo Lasterketa, besteak beste Baso Itxi eta San Pedrotik pasatu zena. Hamaika kolorez betetako paraje bikainetatik barna korrika egitea luxua izan zen korrikalari guztiendako.

Bukaeran korrikalariek kamiseta jaso zuten opari eta Lacturale esneko kaxa bat. Horretaz gain, parte-hartzaile guztien artean 2 onddo saski eta feriekin lotutako bertako produktuez osatutako 104 lote zozketatu ziren. Antolatzaileak oso kontentu azaldu ziren probak izandako erantzunarekin. Eta baita Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkartekoak ere. “Oso pozik gaude, jendeak bikain erantzun du” zihoen elkarteko ordezkari Patxi Goikoetxeak. Jasotako dirua klinikako fisioterapia gela hornitzera bideratuko dute.