Etxeberriak Ezkurraren tokia hartu zuen Altsasun

Guaixe 2015ko urr. 19a, 13:15

Koteto Altsasuko erremonte jaialdiko protagonista izan behar zen, baina larunbatean lesionatu egin zen eta Etxeberria IV.ak hartu zuen bere tokia

Erremonte jaialdi bikaina hartu zuen igandean Altsasuko Burunda pilotalekuak. Remonte Euskal Jai Berri fundazioak eta Oriamendi 2010 enpresak, Altsasuko Udalaren babesletzarekin, antolatu zuten jaialdia. Jaialdiko protagonista Koteto Ezkurra txapeldun handia izan behar zen, baina bezperan lesionatu egin zen Doneztebekoa, eta Etxeberria IV.ak hartu behar izan zuen bere tokia. Nolanahi ere, Altsasuko zaleen omenaldi beroa jaso zuen Ezkurrak igandean Altsasun, profesional mailan daramatzan 25 urteengatik.

Lehenik eta behin, Remonte fundazioak Uharte Iruñeko Euskal Jai Berri pilotalekuan kudeatzen duen errendimendu altuko eskolan trebatzen diren lau pilotariren arteko lehia hartu zuen Altsasuko Burunda pilotalekuak. Bertan, Rodriguezek eta Garcesek 30 eta 27 irabazi zieten Barricarti eta Olanori, partida oso lehiatuan. Partida nagusian, aldiz, Etxeberria IV.ari eta Endikari 33 eta 40 irabazi zieten Utergak eta Ionek.