Murgiondo-Nabarro eta Martinez-Flores txapeldun Altsasun

Guaixe 2015ko urr. 22a, 09:11

Altsasuko Gazte Asanbladak antolatutako Bikotekako Pilota Goxua Txapelketako finalak irabazi zituzten

Altsasuko Gazte Asanbladak Altsasuko gaztetxearen 25. urteurreneko ekitaldien barruan antolatutako Bikotekako Pilota Goxua Txapelketako finalak jokatu ziren larunbatean Altsasuko Burunda pilotalekuan. Antolatzaileek adierazi dutenez, aipatu txapelketako parte-hartzea “itzela” izan da, eta larunbateko finaletan sekulako giroa izan zen. “Oso pozik gaude erantzunarekin, txapelketa bikaina atera da” gaineratu dute.

36 bikote
Guztira 36 bikote lehiatu dira Bikotekako Pilota Goxua Txapelketan, 24 bikote 2. Mailan eta 12 1. Mailan. Pilotari gazteenak 15 urte zituen eta helduenek, aldiz, 38 urte. Antolatzaileek gaineratu dutenez, txapelketak interesa piztu du. “Egunero gutxienez 150 pertsona inguru egon dira txapelketa jarraitzen eta finalaren egunean 300 ikusletik gora bildu ziren Burundan”.

Larunbatean jokatutako finaletan, feriak zirenez, oraindik giro hobeagoa izan zen. “Bi txaranga egon ziren finaletan. Horretaz gain, apustuak antolatu genituen. Bi finaletako emaitzak asmatu behar ziren, eta apustuak ferietako bazkarian eta partiden aurretik jaso ziren. Urdaiazpiko zozketa ere antolatu genuen eta sekulako giroa izan zen” adierazi dute Altsasuko Gazte Asanbladan.

Bigarren mailako finalean Martinez eta Flores izan ziren txapeldunak, Gonzalezen eta Alustizaren kontra gailendu eta gero. 1. mailakoan Murgiondok eta Nabarrok jantzi zituzten txapelak, Mazkiarani eta Zabalori irabazi eta gero. 8 finalistek Arkangoan afaltzeko gonbitea jaso zuten saritzat eta azaroaren 14an gaztetxearen 25. urteurrena ospatzeko antolatu diren kontzertu erraldoiendako sari bana.