Udalak faktura elektronikoaren bultzatzaile

Guaixe 2015ko urr. 22a, 18:34

Altsasuko Udalak deituta herriko 30 bat enpresatako ordezkariak Iortia kultur gunean elkartu ziren astearte arratsaldean. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu zienez, “udalak bere egin du faktura elektronikoaren erabilera orokortzeko eta bultzatzeko erronka. Izan ere, jakitun gara faktura elektronikoaren ezarpenak onura handiak ekartzen dituela, bai udalaren beraren barne kudeaketarendako, baita udalaren hornitzaileendako ere”. Ollok adierazi zuenez, faktura elektronikoarekin ordaintzeko prozedurak hobetu eta administrazio-kudeaketa arinagoa eta eraginkorragoa izanen da.

Astearteko aurkezpenean Animsa enpresa publiko nafarreko bi ordezkari ere izan ziren. Haiek Altsasuko Udalean ezarritako on-line aplikazioaren eta informazio gunearen berri eman zieten bertaratutakoei. Udalarekin harremana nola izan behar duten ere azaldu zieten.