Egunerokotasunetik ihes komikoa

Guaixe 2015ko urr. 23a, 11:51

Larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.

Miriam Díaz Aroca eta Belinda Washington aktoreak bi lagun minen papera jokatuko dute Insatisfechas antzezlanean Altsasun bihar, Encarni eta Mari. Biak ezkonduak daude baina euren bizitzak ez ditu asetzen. Ez zen espero zutena: poza gezur handia da, bikotekidearekin aspertuta daude eta sexua ohikeria da. Etenik gabeko antsietatean korapilatuta bizi dira, eta beraien bizitza suntsitzen ari da.

Bien bizitzak alda ditzakeen erabaki bortitza hartzen dute: euren kabuz bidaia egitea. Ihes egin, haizea hartu, iragana atzean utzi eta etorkizunaren bila atera. Etenik gabeko gatazka bilakatzen da bidaia, abentura komikoa, non ametsen lekua errealitateak hartzen baitu. Baina errealitatea ez da beti atsekabea, kontrakoa baizik… Thelma eta Loiseren antzeko bidaia, Madril eta Albacete artean kokatua. Abentura komiko horretan Ruben Sanzek jokatzen duen gizonarekin eginen dute topo, haien ispilu bilakatuko dena. Sonia Gomezek eta Juan Luis Iborrak idatzia da obra eta azken horrek zuzentzen du.