Industria-ondarea Arnanzen pintzeletik

Guaixe 2015ko aza. 6a, 10:44
Koldo Arnanzen Keinu bat iragan industrialari proiektuko koadroen laginak.

Atzotik abenduaren 7ra arte ikusgai dago, astelehenetik larunbatera 11:00etatk 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Koldo Arnanz Zufiaurre margolariaren Keinu bat iragan industrialari erakusketa ikusgai dago Iruñeko Kondestable jauregiko erakusketa gelan. Margolari altsasuarrak zintzilikatutako obretan lantegi zaharren egiturak, aurriak, ikusgai daude. Arnanzek azaldu digunez, “haiekiko interesa txikitatik dut”. Aita lanean “laguntzera” joaten zenean fabriketan sartu eta zoko-moko guztiak begiratzea gogoko zuela azaldu digu. Txikitatik hiri egiturekin, testura zaharrekin gustura sentitu dela azaldu digu, baita enpresetako tximiniekin “flipatzen” zuela.

Deskonektatzeko beste gauza batzuk egiten baditu ere, Arnanzek proiektuak lantzen ditu. Lehenik Ibai ertzak izan ziren. “Alde batetik, errespetua ematen dute eta, bestetik, argia islatzen dute eta erakargarriak dira”. Ondoren Castillo Suarez idazlearen Mugarri Estaliak liburuan oinarritutako proiektua landu zuen. Eta hura despeditzean heldu zion Keinua iragan industriala proiektuari.

Erakusketaz
Iruñean altsasuarraren tamaina handiko dozena bat koadro eta ertaineko 17 daude ikusgai. Handiak teknika mistoarekin eginak daude. Gehienetan olioa sartu du eta harekin jolastu du efektuak sortzeko. Collageak ere badira. Koadro ertainak berriz paper gainean grafitoz sortuak dira. Guztien abiapuntua argazkiak izan dira.

Arnanzen erakusketa hilaren 14an Iruñean eginen den I. Industria-ondareari buruzko sinposiumaren osagarria da. 2016rako aurreikusia zegoen baina aurreratzea proposatu zioten eta egoki jo zuen sortzaileak.