Adinduek ariketak egiteko gailuak

Guaixe 2015ko aza. 7a, 09:57

Belardian zorua prestatu eta haren gainean jarriko dituzte ariketak egiteko tresnak.

Idertzagain eta Erkuden kaleen arteko bidegurutzean dagoen berdegunean adinduek ariketak egiteko lau tresna jarriko dira: parean pedalak dituzten bi aulki, besoak mugitzeko zutikako bizikleta bat eta eserita sorbaldak lantzeko tresna. Altsasuko Udalak beharrezko aurrekontu aldaketa onartu zuen pasa den asteazkenean. Berdegunean baldosazko zorua egokitzea eta gero tresnak jartzea 7.000 euroko aurrekontua du. Udalak eta Caixabank-en gizarte ekintzaren bidez ordainduko dira lanak.

Bilkura berean Altsasuko Udalak Coyser enpresari erreklamazioa egitea erabaki zuen. Enpresa horrek Lezaldeko urbanizazioa egin behar zuen baina lanak gelditu ziren.  Epaileak udala enpresari 114.629,66 euro ordaintzera zigortu du. Udalak ordainketa egitea erabaki du. Baina ez dago ados kopuru horrekin uste baitu aplikatutako araudia beste bat dela eta 83.040,90 euro ordaindu beharko lizkiokeela. Pasa den asteko udal bilkuran udalak Nafarroako Itun Ekonomikoaren defentsan eta estatuko emakumeen martxaren aldeko mozio bana onartu zituen.