Sunsundeguiko egiturazko arazoak berdin segitzen dutela salatu du LABek

Guaixe 2015ko aza. 5a, 19:33

Sindikatutik azaldu dutenez, zuzendaritza berriaren bideragarritasun plana martxan jarri eta bi urtera antolakuntza falta eta langileei ordaintzeko arazoak segitzen dute.

Sunsundeguiko LAB sindikatuak jakinarazi duenez, enpresan egiturazko arazoak bertan segitzen dute: “horren adibide garbia da enpresak duen antolakuntza falta eta langileei ordaintzeko dituzten arazoak”. Sindikatutik adierazi dutenez, “arazo horiek gainditzen ez badira enpresaren bideragarritasuna bera da arriskuan dagoena”.  LABekoen helburua “guztiendako lan baldintza duinak” lortzea da.

Zuzendaritza berriak bideragarritasun plana 2013an jarri zuen eta horrekin batera 40 langile kaleratu eta 178 gelditu zirela gogorarazi dute LABetik. Salatu dutenez, “prekaritatean eta ordu estretan oinarritutako ekoizpen eredua da martxan dagoena diru publikoarekin erreskatatutako enpresa honetan”. LABen ondorioztatu dutenez, “duela bi urte egondako kaleratzeen helburua prekarizazioa  zen”.

Azken bi urteetan kontratazioekin batera (300 langile gaur egun) prekarietateak gora egin duela salatu dute LABetik: “behin behinekotasuna %20tik gorakoa da. Kontratu berrien lan baldintzak aitzintasun handiagoa duten langileena baino kaxkarragoak dira”. Langileek nominak kobratzeko dituzten zailtasunak ere jakinarazi dituzte: “askotan epetik kanpo kobratzen ari dira ordainketa ezberdinetan frakzionatuta”. LABek jakinarazi duenez, aurtengo garilean eta agorrilean aparteko 6.000 ordu sartu dira enpresan. Ilbeltzeko aparteko orduen kopurua ikuskaritzan salatu zuen sindikatuak eta enpresak zigorra jaso du.