Udalak urtea despeditu aurretik euskaldunen errolda egitea erabaki du

Guaixe 2015ko aza. 6a, 09:14
Udalarekin harremaa euskaraz izateko eskaera sinatzen.

Euskal Herrian Euskaraz-eko kideak pozik azaldu dira Udalak eta biok euskaraz  dinamikak fruitua eman duelako.

Altsasuko Udalak herriko euskaldunen errolda egiteko beharrezko aurrekontu aldaketa onartu zuen atzo. Urtea despeditu aurretik egina egonen da. Euskara Batzordearen buru duen EH Bilduk bultzatuta egin zen ezohiko plenoa eta aurrekontu aldaketaren alde eta errolda aurten egitearen alde EH Bildu eta Goazen Altsasu agertu ziren. Geroa Bai abstenitu egin zen eta PSNk eta UPNk aurka bozkatu zuten.

Urte bat bete da Altsasuko Udalak Euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza onartu zuela. Bertan, besteak beste, altsasuarrek udalarekin euskarazko harremanak izatea bermatzen da eta, horretarako, udalak euskaldunen errolda osatuko duela erabaki zen. Beraz, onartutako araudia garatuko du atzoko erabakiak.

Datozen asteetan, beraz, bi urtetik gorako altsasuar guztiei galdetegi bat iritsiko zaie etxera. Bertan, euskararen ezagutza maila, etxean gehien erabiltzen den hizkuntza eta euskara ikasitako tokia zein den zehaztu beharko dute. Horrela, hala eskatzen duten herritar euskaldunei euskara hutsezko komunikazioak bidaliko dizkie udalak. Bestalde, udalerriaren egoera soziolinguistikoari buruzko informazioa eskuratuko da eta euskara sustatzeko programa, kanpaina, ikastaro eta jarduerei buruzko informazioa bidaliko da pertsona bakoitzak duen euskararen ezagutza-mailaren arabera.

Dinamikaren fruitua
Udala eta biok euskaraz dinamika martxan jarri zuen pasa den urtean Sakanako Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragileak eta udalak hartu berri duen erabakia kanpainaren bidez eman zen altsasuarren aktibazioaren fruitu dela adierazi dute EHEtik. Udala herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa izanik hizkuntza politika egiteko eskumenak dituela gogorarazi dute EHEkoek. “Hori kontuan izanda, udalari euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu eta honekiko harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskaria bideratu genion”.

50 altsasuarren baino gehiagok udalarekin euskarazko harremana nahi duela adieraziz idatzi sinatuak aurkeztu zizkioten. Batetik, etxean eta kalean zein udalean altsasuarrek jasoko dituzten paper, ohar, bando, inprimaki, publizitate euskarri, lanpostu deialdi eta bestelako guztiak euskaraz izatea eskatu zuten, baita 012 telefonoko informazioa euskaraz izatea ere.