Larunbatean, indarkeria matxisten kontra

Guaixe 2015ko aza. 6a, 09:33

Iortia kultur gune parean kontzentrazioa eginen da, 12:00etan, Altsasuko Udalak deituta.

 

Altsasuko Udalak bat egin du indarkeria matxisten kontrako estatu martxarekin eta bihar Madrilera joan ezin dutenendako Altsasun kontzentrazioa deitu du. Hala erabaki zuen lastaileko bilkuran. Ordu berean, Madrilen, bat eginen dute emakume eta talde feministek deitutako pertsonek, eta guztiek indarkeria matxistak salatuko dituzte. Aldi berean, indarkeria sexistaren kontrako borroka lehentasunezkoa izatea eskatu dute. Gizarte zibilari martxan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diete, “indarkeria matxista eta emakumeen aurkako indarkeria guztiak desagerraraztea gizarte osoari baitagokio”.

Lastaileko bilkuran mozioa onartzearekin batera Altsasuko Udalak honako konpromisoak hartu zituen: bihar Iortia kultur gunean indarkeriaren kontrako esku morea jarriko da; udalaren sare sozialen bidez indarkeria matxisten kontrako kanpainak egiten segitzea; udalbatzaren argazkia egin larunbaterako deialdira joanen direla esanez eta zabaldu; udal zerbitzuei kanpainan parte hartzeko gonbitea luzatzea; urtero azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean, kontzentrazioan altsasuarrak parte hartzera gonbidatzea eta askotariko diskriminazioa pairatzen duten emakumeak eta indarkeria matxistak erasotako beste kolektibo batzuendako laguntza-prozesuak egiteko konpromisoa eta erakundeen arteko koordinazioa.

Gainera udalak orain arte martxan dituen hainbat lan ildorekin segitzea erabaki da:
aholkularitza juridiko eta psikologikoa ematea; indarkeria piratu duten emakumeei prozesu guztian zehar laguntza eskaintzea; berdintasunerako eta genero indarkeriaren aurkako zerbitzuen zuzeneko kudeaketa publikoa egitea; hezkuntzan berdintasuna sustatzeko programa eskaintzea; festa eta kultur jardueretan sexismoaren kontrako sentsibilizazio kanpainak egitea; berdintasun plana aplikatzen segitzea eta gizarte zibilaren parte hartzea sustatzea.