Emakume-artisautza Iortian

Guaixe 2015ko aza. 11a, 18:48

Maribel Mazkiaran Perkaz, ezkerrean, erakusketan bisitariekin.

Abenduaren 6ra arte, 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Betiko zein gaurko joste lanak II erakusketa astelehenaz geroztik ikusgai dago Altsasuko Iortia kultur gunean. Maribel Mazkiaran Perkazen izena ageri da erakusketako sarreran. Baina bere lanekin batera bere ikasle gehienen lanak dira ikusgai daudenak. Mazkiaranek joste eta brodatze teknikak Bakaikun (12), Altsasun (56, udalaren eta bere ikastaroak), Olatzagutian (11) eta Ziordian (11) erakusten ditu. Guztira 90 ikasle, bat ez beste guztiak emakumezkoak.

Altsasuarrak nabarmendu digunez, ikusgai dagoen guzti-guztia eskuz egina dago, “hori da ederrena”. Aurreko erakusketatik ez da ezer errepikatzen. Baina gerta daiteke jostunen batek orduko zerbait gustuko izatea eta haren kopia ikusgai egotea.

Teknikez
2008an egin zuten aurreneko erakusketa eta Mazkiaranek ez daki azkena izanen ote den, “urteak betetzen goaz”. Baina “gogoak dauden bitartean” segituko du. Irakasle aritzea gustuko du. “Batzuetan nekatuta bukatzen dut. Urteren batean esan dut: ez noa, hau azkena. Baina uda guztian atseden hartu ondoren lastailean deika hasten zaizkit. Zer egiten dut? Etxean geldi egoten ez dakit. Beraz, irteera bat da”.

Mazkiaranek gogoan dunez, “lehen, ni behintzat, gurutze-puntura, bainika eta gutxi gehiagora mugatzen nintzen. Orain, badirudi, mireska lana garrantzia hartzen ari dela. Delikatua da, baina oso polita. Gainera, egiten erraza. Handanger brodatuak, berriz, urteak daramatza. Lan ezberdinak dira”. Mazkiaranek betiko lanak direla dio: “beti egin dira, baina agian eskualde honetan ez zen hainbeste ikusten. Aitona-amonen garaiak gogoan ditut, zegoen gurutze-puntu guztia euskal urdinez edo granatez, gorrixkaz, egina zegoen. Ez zegoen aukerarik. Orain aniztasun handia dugu eta nahi adina kolore erabiltzen dira”.

Eta koloreak aipatuta: “zuk kolore bat aholkatu dezakezu, baina jostun bakoitzaren gustuak sartzen dira hor. Eta gauza bera motiboekin: batzuk ez dute sekula lauburu bat eginen eta beste batzuk errepikatu egiten dituzte. Geometrikoak, landaretza… denetariko motiboak daude ikusgai erakusketan”.

Materialak
Mazkiaranek denda izan zuen Altsasun. Joste-lanak beti egin izan ditudanez, lantzen nuen guztia ekartzen nuen. Orain batzuk kexu azaltzen zaizkio beharrezko duten material guztia ezin dutelako herrian erosi eta Iruñera edo Gasteizera joan behar izaten dutelako. Ez gaude hain urruti, hala ere. Jostorratzak, kakorratzak, galtzorratzak, albainorratzak, gurutze-punturako orratzak, guraizeak, hariak… “Nik arazo handiena oihalekin ikusten dut. Nik tela gehiago ekartzen nituen”. Lihoz egindakoak dira gortinak. Oihalezkoak dira jantziak. Artilezkoak kaikuak, panpinak, bizkarrerako jantziak.

Erakusketaz
Aitortu digunez, erakusketara “jende asko etortzea espero dut. Emakumezkoak. Gizonak ez dira etorriko. Nik uste haiendako ez dela deigarria izaten. Nahiz eta bakarren bat etortzen den”. Bisitariak ere 40 urtetik gorakoak izanen direla aurreratu digu. “Gazteen gustuak ezberdinak dira. Bizi erritmoa guztiz ezberdina da. Lehen etxean egoten zen eta denbora zerbaitean eman behar zen. Orain batera edo bestera joan zaitezke, ez dakit…”

Halako erakusketa Iortian nola jar daitekeen esan izan diote Mazkiarani. “Ez dut uste artista izateko unibertsitatera joan beharra dagoenik. Joste-lanak egiten ari garen emakume askorena niretako artisautza da. Ez dakit artea, baina artisautza bai. Ni Iortian izaten den guztira etortzen naiz eta artisautza erakusketetan izan naiz”.

Altsasuarrak jakin-minez joatearen garrantzia aldarrikatu du. “Gizonek egindako lan bat ikusten duzunean, egurrezko taila bat, hori artisau-lana da. Eta emakumezkoek egindako lanak ikusten dituzunean, erakusketa honetakoak, etxeko-lanak dira. Halako aire batekin esaten dute… Amorragarria da. Erakusketako ateak denendako daude zabalik, adin guztietako gizonezkoendako eta emakumezkoendako”.

Erakusketatik, enkarguak baino ikasle gehiago sortzen direla aitortu digu. “Lan hauek erosi nahi dituztenendako oso garestiak dira. Hilabete eman dezakezu kaiku ba egiten eta gero 200 euro. Ez du merezi. Iortiaz aparte Altsasuko Udaleko ikastaroko ikasleen lanak Maiatzeko Gurutzean erakusten dituzte, “eta beti dago gustatzen zaion bakarren bat. Ez baita zaila. Pazientzia izan behar da”. Argitu digunez, “hau irakurtzea bezala da. Gustatuz gero irakurle handia zara, bestela ez duzu libururik hartzen. Orratza, lan hauek, gauza bera da. Honetan aritzean jende asko erlaxatu egiten da. Duen beste gauza on bat da etxetik atera eta jende gehiagorekin harremana izaten duzula. Lagunak ere egiten dituzu. Etxetik ateratzeko modu bat dela uste dut”.

Denetarik dago ikusgai
Baserritar jantziak, azpi-gonak, mandarrak (gurutze puntuarekin, mireskaz eta bainikaz eginak), gurutze puntuz egindako koadroak, kaikuak, ohe-gainekoak, burukoak, panpinak, kintoen zapiak eta zintak, toallak, sukaldeko zapiak, kuxinak, mantelak, aho-zapiak, mantel handi eta txikiak, altzari eta kutxetarako tapeteak… Azken hiru horietan aniztasun handia dago: gurutze puntuarekin, handanger brodatuarekin…

Erlazionatuak