Boal bere nobela historikoa aurkeztera heldu da

Guaixe 2015ko aza. 17a, 17:19

Jose Migel Boal Gomezek En los pliegues del viento liburua argitaratu du eta bihar Altsasuko irakurle taldearekin elkartuko da, 18:00etan Iortia kultur guneko gela txikian.

Haurren mailan, Altsasu ordezkatuz, Jose Migel Boal Gomezek herriz-herriko pilota txapelketan txapeldunorde izan zela gogoratu digu. Handik gutxira, 13 urterekin, Gasteiza lekualdatu zen, baina biharko hitzorduak ilusioa egiten diola azaldu digu. Gaztetxo zela hasi zen poesia idazten. Narrazio laburrak eta haurrendako antzerki lan bat ere sortuak ditu. Beretako eginak.

Bere lehen eleberria izanen zena idazteari 2006an ekin zion eta 2010ean despeditu. Tartean, aitaren heriotzagatik, zazpi bat hilabeteko etena izan zen. Orduz geroztik bere nobela argitaratzeko argitaletxeen ateetan jotzen aritu da. 23 ate jo ondoren Madrilgo GoodBooks argitaletxearekin argitaratu du En los pliegues del viento. Irailaren 30ean aurkeztu zuten liburua eta dagoeneko bigarren edizioa kalean da.

Liburuaz
Erromatarrek 70. urtean Jerusalen suntsitu eta pertsona asko esklabo gisa hartu zituzten. Haietako bat da liburuko protagonista, Yosef, 11 urteko haur judua Oiassoko (Irun) zilar meategietara lanera ekarriko dutena. Han lan istripu bat izanen du eta euskal petrikilo batek lagunduko dio sendatzen. Haren bidez bertako ohituren berri jasoko du. Baina erromatarrak ez dira beraz ahaztu eta askatasunaren truke misio bat proposatzen diote: legez kanpo ari den gatzaga bat opatzea.

Boalek esan digunez, erromatar garaiko girotzea nahikoa fidela da. Baina giro horretan 502 orriko thriller bat, akzioa eta misterioa kokatu ditu. Idazleak erritmo arinean darama irakurlea, erritmoak ez baitu behera egiten. Hala aitortu diote idazleari behintzat. Eleberrian zehar egileak Biaizpe, Atako ibarra, Aralar, Sakana, Altsasu eta beste aipatzen ditu.

Boalek azaldu digunez, kezka bazuen eta historialari asko irakurriak zituen. Plinio batez ere, baina baita Julio Caro Baroja, Antonio Tovar, Claudio Sanchez Albornoz eta beste ere. Erromatarren 34. galtzada Sakana zeharkatzen eta Aracaeli mansioa Uharte Arakilen kokatzera ausartu zen eta, pozik dago, ondorengo arkeologia ikerketek arrazoia eman diotelako.