Bizitzaren akrobazien doinura

Guaixe 2015ko aza. 13a, 12:13

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean. 

Hiru emakume musikari. Euren onenean bakoitza bere orkestretatik kaleratua izan da. Hiruak kale bateko banku batean topo egiten dute. Patuaren bidegurutze horretan hirurek komuneko bizitza eraikiko dute, euren poz, desadostasun, amets eta esperantzekin. Laguntasuna, egunerokotasuna eta gainditze istorio hunkigarria bezain berezia sortuko dute hiru protagonistek. Hitzik erabili gabe; musika, dantza, kantua, umorea eta keinu-antzerkia nahikoa adierazpide baitira haiendako.

Hala, obraren errepertorioa aldi berean pertsonaien ahotsa eta soinu banda da, zinema mutua gogoraraziz. Haien emozioak Vivaldi, Grieg, Massenet, Bizet, Piazzola, Pavone, soinu banden, jazzeko eta tangoaren klasikoen bidez adieraziko dituzte. Hori guztia The funamviolinistas ikuskizunean, Ana Hernandezek (biolina), Maite Olmedillak (biola), Lila Horovitzek (kontrabaxua) jokatzen dutena, Rafael Ruizen zuzendaritzapean. Errebelazio ikuskizun onenaren Max saria eskuratu zuten.