Udalaren eguberriko aisialdi programak prest

Guaixe 2015ko aza. 17a, 08:03

Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Aisiz blai eta Gu Geu Gazte programetan izena emateko epea asteartean zabalduko da. Eguberritan lana eta familia ardurak bateragarri egiteko asmoz haur eta behar bereziak dituzten gazteei zuzendutako programak dira udalak eskaintzen dituenak.

Eguberrietan abenduaren 23an, 24an, 28an, 29an, 30ean eta 31n eta ilbeltzaren 4an, 5ean eta 7an izanen dira programak martxan. Aisiz blairen programa 3-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta 8:30etatik 13:30etara izanen da, Txantxari ludotekan. Lehen ordutegi horretan eskainitako plazak beteko ez balira 11:00etatik 13:30era arteko eskaintza egin da. Gu Geu Gazte programa, berriz, 12 urtetik gorako behar bereziak dituzten gazteei zuzenduta dago eta 17:00etatik 20:00etara izanen da.

Izena ematea
Gaurtik heldu den asteartera eman daiteke izena. Aisiaz blai programa baliatu nahi dutenek 012 doako telefonora hots egin edo www.altsasua.net web orriaren bidez eman dezakete izena. Gu Geu Gazte programan izena emateko Intxostiapunta Gazte gunetik pasa edo 948 564 785 telefonora hots eginez eta gazteria@altsasu.net e-postara idatziz egin daiteke.

Familia unitatearen diru sarreren araberako matrikula pagatu beharko dute izena ematen dutenek. Gazteria Zerbitzutik iragarri dute ordainketa egiterakoan hainbat baldintzen arabera hobariak eskuratzeko aukera dagoela.