Altsasuko Udalak aurreko legegintzaldian euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen ordenantza onartu zuen. Altsasuar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea zuen helburu. Baina horretarako garapen bat behar du eta aurreko asteko plenoan onartutako aurrekontu aldaketak hori ahalbidetuko duela adierazi du Udalaren Euskara Batzordearen lehendakaritza duen EH Bilduk. Erabakiak euskaldunen errolda egiteko aukera emanen du, besteak beste.
Koaliziotik gogorarazi dutenez, bi urtetik gorako altsasuarrek hurrengo astetan etxean jasoko dutela azaldu dute EH Bildutik. Euskararen ezagutza mailaz, hizkuntza erabilera ohiturez eta bestelakoez galdetuko zaie eta, horrekin batera, altsasuarrek udalarekin duten harremana zein hizkuntzatan izan nahi duten aukeratzeko aukera izanen dute.
Euskara Batzordeko lehendakaritza duen taldeak altsasuar guztiak udalarekin bat egitera eta galdetegiak erantzutera animatu dituzte, “altsasuar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean beharrezkoa baita egoera soziolinguistikoaren ahalik eta argazki zehatzena izatea”. Aldi berean, “altsasuar euskaldunak udalarekin duten harremana euskaraz izan dadin eskatzera gonbidatzen ditugu”.
Koaliziotik azaldu dutenez, “oraindik ere euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzen ez diren honetan, erabaki honek hainbat altsasuarrek urtetan zehar udalari egin dizkioten eskaerekin bat egiten du”. Udalak hartutako erabakiak “etorkizunean nahi dugun Altsasu euskaldun baterantz hurbiltzen gaituela” azaldu dute koaliziokideek batzordearen lehendakaritzatik. Gaineratuz, “hizkuntzen arteko bizikidetza eta euskararen normalizazioa helburu dugunok, jakin badakigu erabaki politikoak hartu behar ditugula egungo egoera hobetzeko”.