Altsasuarra Beltzezko Emakumeen nazioarteko topaketan

Guaixe 2015ko aza. 16a, 17:52
Iosune Diaz Arce.

Indiako Kalkuta hiriaren ondoan gerra eta politika militaristen kontra emakumeen topaketa egiten ari dira, atzo hasi eta ostegunera arte. Bilgune Feminista ordezkatuz Iosune Diaz Arce parte hartzen ari da.

Beltzezko Emakumeen XVI. nazioarteko topaketa Vimochana erakunde feministak antolatu du eta Indian mundu guztiko emakumeak elkartuko dira, emakumeen kontrako indarkeria mundu guztiko arazoa baita. Beltzezko Emakumeen topaketan hiru euskal herritar parte hartzen ari dira: Yolanda Barco Ramos (Calcuta Ondoan), Maria Viadero Atxa (Mugarik Gabe) eta Iosune Diaz Arce (Bilgune Feminista). Calcuta Ondoan garapenerako gobernuz kanpoko erakundearen eta Betiko fundazioak sustatu dute hiruen parte hartzea, Donostiako Udalaren babesarekin.

Indiako topaketan gerrek eta haiek emakumeengan dituzten eraginak aztertuko dituzte. Horrekin batera, emakumeek gizarte hipermaskulinizatu eta patriarkal batean aurre egin behar dieten gatazka estrukturalak eta sistemikoak aztergai izanen dira. Hori guztia Gatazken kontrako eta Bakearen aldeko Emakumeen Nazioarteko Auzitegiaren, tailerren, bileren eta Beltzezko Emakumeen bijiliaren bidez eginen dute.

Beltzezko Emakumeak
1988. urtean sortu zen Jerusalenen. Hamar emakume juduk “okupazioari ez” esan zioten. Ondoren, Belgraden hartu zuten lekukoa eta gaur egun gutxienez bost kontinenteetako 20 herrialdetan daude. Nazioarteko mugimendu horretako hainbat emakume talde herri eta hirietan manifestatzera bultzatu ditu: izkinetan, merkatu plazetan eta beste hainbat leku publikotan… Astero ordu batez, beltzez jantzita, isiltasunean protesta eginez existitzen diren kultura eta komunitate ezberdineko egunerokotasunean gero eta barneratuagoa dauden indarkeri mota ugarien kontra. Gudak beti gizonak hasiak dira, emakume eta umeek, aldiz, eraginak sufritzen duten lehenak.

Beltzezko Emakumeen helburuen artean daude, batetik, guda eta politika militaristei aurre egitea, erresistentzia eta errefusa emakumeen akzio arduratsu bihurtuz; bestetik, indarkeriarik gabeko parte-hartzea sustatzen dute, edozein indarkeria motaren kontrako desobedientzia publikoa ikusgai bihurtuz. Aldi berean, Beltzezko Emakumeak nazioartean politika feminista alternatiboaren sustapena egiten du, kontra informazioa zabaltzearekin batera. Haien tokiko jarduna mundu mailakoarekin lotzen dute, elkarren arteko sostengua bilatzea baita beste helburuetako bat.