Altsasuk puntu bat eutsi zuen Dantzalekun

Guaixe 2015ko aza. 16a, 12:57

Erregional maila. 10. jardunaldia: Altsasu 1 – Eguesibar 1

Dantzalekun jokatutako partidan parez pare ibili ziren Altsasu eta Eguesibar. Altsasu partidaren jabetza izaten saiatu zen eta tarteka lortu zuen, baina jarraipena falta izan zitzaion. Aldiz, Eguesibarrek markagailuan aurreratzea lortu zuen Altsasuren atera hurbildu ziren lehen aldian, askok jokoz kanpokoa zela uste izan zuten jokaldi zalantzagarrian. Baina Altsasuk ez zuen behera egin eta bana berdintzea lortu zuen Corcherok. Atsedenaldiaren ondoren bi taldeak garaipenaren bila aritu ziren, eta bi taldeek aukera politak izan zituzten. Baina puntu banaketarekin despeditu zen partida. Aipatzekoa da bukaera aldera bi taldeek lesioengatik bajak izan zituztela.

Sailkapen orokorrean Lezkairu da lider berria (30 puntu), Donezteberi 3 puntu aterata (27 puntu). Altsasu 10.a da (9 puntu). Asteburuan sailkapenean hirugarrena den Amigo taldea izango du aurkari Altsasuk.