Haur eskolaren aldeko sinadura bilketa egiten hasi dira

Guaixe 2015ko aza. 19a, 15:11
Umea Intxostiapuntan egokitutako haur eskolan.

Nafarroako Gobernuari heldu den urteko aurrekontuetan Altsasuko haur eskolako lanak egiteko diru sail bat aurreikustea, horixe da sinadura bidez babestea eskatzen ari direna. Txirinbulo haur eskolako gurasoak dira sinadura bilketa abiarazi dutenak. Sinadurak biltzeko paperak denda eta tabernetan daude herritarren eskura.

Gurasoek gogorarazi dute haur eskolako egoitza irailaren 3an erre ondoren behin-behineko egoitza batean daudela. Leku aldatzeak ekarri dituen ondorioak ere nabarmendu dituzte gurasoek: alde batetik, udalaren beste zerbitzu batzuen eskaintza mugatzea; bestetik, Txirinbulo haur eskolaren zerbitzua mugatzea, egungo kokapenak gaur egun 3 unitate, 45 haur, besterik ezin baitu hartu; gainera, ezin da jantoki zerbitzurik eskaini ezta ordutegi zabalagorik ere. Horregatik, Txirinbuloko gurasoek Nafarroako Gobernuari eskatu diote Altsasuko haur eskola egiteko lanak azkartzeko diru sail bat bideratzea. Gobernuko ordezkariekin ere elkartu nahi dute.