Gagsterrak Iortian

Guaixe 2015ko aza. 20a, 12:23

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Yllana producciones-ek The Gagfather antzezlanarekin etorriko da oraingoan Altsasura. Zombie eta pailazo arteko gagster gupidagabe batzuek hiria beldurtuta dute eta, kosta ahala kosta, haiek atzeman nahian polizia burugabe talde bat dabil. Arrakasta gutxi dute zeregin horretan, baina umorerik ez dute galduko. Barre egiteko aukera aparta, beraz.

Keinu antzerkiaren arrasto nabarmena dago. Fidel Fernandez, Luis Cao, Juanfran Dorado eta Jony Elias aktoreak etengabe aldatzen dituzte jantziak, batzuen eta besteen paperak jokatzen baitituzte. Antzezlana zinema beltzari konpainiak egindako omenaldia da. Komedia eroa, umore beltza, oso beltza, duten egoerak ematen dira antzezlana osatzen duten gag segidan. Film eta eleberri beltzean ohi denez atzean gizartearen oinarri kritiko bat dago.