Cenor Ramos tresna elektriko eta elektronikoak birziklatzeari buruzko erakusleiho lehiaketan parte hartzen ari da

Ekimenak, izan ere, dendak eta herritarrak engaiatu nahi ditu, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen gaikako bilketa hobetu dadin.

Cenor Ramos (Altsasu) parte hartzen ari da  “Tresna Elektriko eta Elektronikoak (TEEH) birziklatzeari buruzko erakusleihoen II. Lehiaketan”. Zehazki, hemeretzi establezimendu ari dira lehiaketan eta zortzi kolaboratzaile Nafarroan.


Lehen edizioan “Erakusleihorik onena” izeneko kategoria ezarri zen; lehen saria 500 euroz hornitua dago, eta bigarrena, 300 euroz, biak ere establezimenduaren aldeko publizitatean erabiltzeko, betiere ingurumenaren alde zabaldu nahi den mezuari loturikoa. Bada, aurten, kategoria berri bat ezarri da, hots, “Erakusleihorik fotografiatuena”, 100 euroz hornitua, publizitatean ere erabiltzeko; saria izanen da Instagram-era argazkirik gehien igotzea lortzen duen dendarendako.


Ekimenak dendak eta herritarrak engaiatu nahi ditu, TEEHen gaikako bilketa hobetze aldera. Establezimendu parte-hartzaileak, beren erakusleihoen bidez, sentsibilizazioa eragiteko mezuen zabaltzaileak izanen dira; horrela, TEEHak birziklatzeak duen garrantzia zabaltzen lagundu eta, gisa horretan, beren gizarte erantzukizuna erakutsiko dute.


Nafarroako Gobernuak hitzarmena egina du TEEHen sistema kolektiboekin, Gestión Ambiental de Navarra-ren bidez: Ambilamp, Ecoasimelec, Ecofimática, Ecolec, Ecolum, ECORAEE, Ecotic, Europako Birziklapen Plataforma-ERP eta Sakanako mankomunitatea lagundurik. Bada, “TEEHak birziklatzeari buruzko erakusleiho Lehiaketa” hitzarmenaren baitan kokatua dago.

Erakusleihoak azaroaren 16tik aurrera ikusi eta fotografiatu ahal izanen dira, eta sariak abenduaren lehen hamabostaldian banatuko dira.

TEEHei buruzko araudia
Lehiaketaren helburua bat dator Tresna elektriko eta elektronikoei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuak ezarritakoarekin, hots, gaur egun baino TEEH gehiago biltzea proposatzen du. Gaur egun, lau kilo dira biztanle eta urte bakoitzeko. Horrela, 2016an, TEEHen % 45 bildu beharko da (etxekoak eta profesionalak), betiere merkatuan jartzen diren kilo guztien gainean, eta 2018an, % 55.


Horrez gain, Dekretuak ezarri du tresna elektriko eta elektronikoak saltzen dituzten establezimenduek 1x1en bildu behar dituztela TEEHak, hau da, berria zaharraren truke eskuratzeko aukera eskaini beharko diote bezeroari, salbu eta establezimenduaren azalera 400 m2-tik gorakoa bada, tamaina txikiko TEEHak onartu behar baitituzte (25 cm-tik beherakoak), doan onartu ere, eta erabiltzaileak ordainez beste bat erosi behar izan gabe.  


TEEHak Nafarroan
2014an, 3,71 kilo TEEH bildu ziren gaika, biztanle eta urte bakoitzeko. Estatuan, berriz, 3,50 kilo, biztanleko eta urteko. TEEHak kudeatzeari dagokionez, Nafarroan nabarmendu behar da establezimendu asko ari direla kudeaketa egokian, bai eta mankomunitate askoren lan eredua ere. Izan ere, mankomunitate aunitzek gizarte ekonomiako erakunde baten bidez eskaintzen dute TEEHak biltzeko zerbitzua, Emauseko Trapuketariak. Nafarroan, gainera, badugu TEEHak tratatzeko Planta moderno bat, Ecointegra Agoitzen, beste gizarte erakunde batek kudeatua, ASPACEk.


Horrela, nafar herritarrak hainbat toki ditu eskura TEEHak uzteko: erabiltzen ez den tresna, adibidez, tresna berria erosten dugun dendara eraman dezake, edo erabili hondakin mankomunitateek eskura jartzen dituzten doako bilketa zerbitzuak: tamaina handiko hondakinen bilketa zerbitzua edo garbiguneak (mugikorrak edo finkoak).

TEEHak entxufearekin, pilekin edo bateriarekin dabilen tresna ororen hondakinak dira. Garrantzitsua da hondakinok behar bezala kudeatzea, substantzia toxikoak eta kutsagarriak dauzkatelako, eta osagai asko birzikla daitezkeelako. Ongi kudeatzen ez badira, eta zuzenean isurtegietara botatzen baditugu, ingurumenean kaltea eraginen dute, eta gainera, baliabideak galdu eginen dira. Baina leku egokira eramaten baditugu, osagai kutsagarriak kenduko zaizkie, eta biziberrituko ditugu, hau da, osagai haietatik kable, pieza eta plastiko birziklatuak eginen ditugu, baliabide horiek etorkizuneko belaunaldientzako kontserba daitezen. Horra hor ekonomia zirkularraren aplikazioaren adibide garbia. Horixe dakar Europako Batzordeak Europako Legebiltzarrari, Kontseiluari, Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialari, eta Eskualdeen Batzordeari igorritako Jakinarazpenak, hots, “Ekonomia zirkularrerantz:  zero hondakinen programa bat Europarako».