Inauteri batzordeak Altsasu eta Sakanaren berri eman du Vilanova i la Geltrun

Guaixe 2015ko aza. 24a, 13:15

Aire irekian Katalunian egiten den sektore anitzeko azoka garrantzitsuena da Vilanovai la Geltrukoa. 65.000 metro karratutan 250 erakustoki izan ziren aurten eta hura 240.000 pertsonek bisitatu zuten azaroaren 13a eta 15a bitartean. Azokako berritasuna, sarreran zegoena, inauteri-erakustokia izan zen. Vinaros, Torello, Reus eta Altsasuko inauteri batzordeek euren herrietako ospakizunen berri emateko stand bana izan zuten.

Altsasuko inauteri batzordeko lau kide joan ziren Kataluniara (Maribel Mazkiaran, Joxepi Arakama, Pello Gomez eta Jose Angel Agirrebengoa), ostegunetik igandera. Eurek standean maniki artikulatuetan momotxorroa, sorgina, maskarita eta akerra pertsonak jarri zituzten, baita Juan Tranposo bat ere. Azokaren sarreran zeudenez, 9:00etatik 21:00etara etengabe bisitak izan zituzten altsasuarrek. Jose Javier Agirrebengoak azaldu digunez, “behin eta berriz ihotearen azalpenak eman genituen,, etengabe”. Zituzten informazio esku-orriak bukatu eta fotokopiak egin behar izan zituztela jakinarazi digu. “Jendeak hurrengo egunean Altsasu eta Sakana Interneten ikusi zituztela esaten zigun”.

Inauteriei buruzko mahai-inguruan parte hartu zuten altsasuarrek. Baita hitzaldia ere. Udalak harrera egin zien ostiralean. Gainera, Generalitateko eta udaleko ordezkariek altsasuarren standean prentsaurrekoa eman zuten. Orain arte inauteriaren errepresentazioa eginez ezagutarazi dute Altsasuko neguko ospakizuna han eta hemen eta Vilanovakoa stand baten bidez egiten duten lehen aldia izan da. Agirrebengoak esan digunez, “esperientzia ona izan da. Beste modu batera saldu dugu inauteria”.

Sakana
Ibarreko landa etxeen, natur ingurunea eta turismo baliabideak ezagutzera emateko ere erabili zuten azoka. Bidelagun turismo elkarteak emandako 4.000 esku-orri banatu zituzten. Horretaz aparte, ibarreko ekoizleen txistorra eta gazta dastatzeko eskaini zituzten.