Ametsetako dantza eskola

Irantzu Gonzalez Azpirozek dantza eskola mustu du Altsasun.

Umetatik amets bat izan du Irantzu Gonzalez Azpiroz dantzariak: Altsasun dantza eskola bat sortzea. Larunbatean ametsa errealitate bihurtu zen. Dantza eskola mustu zuen. Umeak zein helduak dantzan trebatzea eta, bereziki, dantzarekin disfrutatzea nahi du Gonzalezek.

Irantzu Gonzalezek dantza eskola bat ireki behar zuen. Ume zela hasi zen dantzan Gonzalez eta dantzaria izan behar zen. Baina herrian dantzaria izateko oztopoak handiak ziren. Dantza eskola bat behar zen. “Oso gazte nintzela Iruñera joan behar izan nintzen dantza ikastera”. Altsasun eta Sakanan dauden dantzariak hasieratik teknikaren bidez irakastea eta pixkanaka “handitzea” da eskolaren xede nagusia. Dantzariak izan nahi badute aukerak izatea.

Madrilen dantza eta interpretazioa ikasi ondoren Altsasura itzuli zen bere ametsa betetzeko asmoz. Umeei eta gazteei dantza modernoa ikastaroak eman dizkie dantza eskola sortzen zuen bitartean. “Oztopoak handiak izan dira. Bi urrats aurrera ematen nituen, eta gero hiru atzera”. Baina, larunbatean, ametsa egia bihurtu zen dantza eskolaren ateak ireki zituenean. Mustutze ekitaldia “oso hunkigarria” izan zen. Gonzalez hitzik gabe gelditu zen eskerrak ematen: “Nire ondoan egon diren guztiei eta hau egiten lagundu duzuen guztiei mila esker”. Guraso eta senideendako izan ziren esker handienak.

Irantzu Gonzalez Azpiroz Dantza Eskolan jorratuko diren dantza estiloak asko izango dira: “dantza garaikidea, kontenporaneoa, balet klasikoa, dantzaren oinarria baita beste dantzak ikasteko eta gure gorputza kontrolatzeko, flamenkoa... denetarik”.

Dantzariak dantzara
Dantza eskola batean dantza ezin falta eta Dantzarimak, Gonzalezen dantza konpainia, eta dantza modernoko neskatoek eskolan emanen diren estiloen erakustaldi txikia egin zuten mustu berriko ispiluen salan. Ondoren, Askoa Etxebarrieta, La Pulga, flamenko dantzaria taulara igo zen haren ikasleen esku-zarten erritmoan dantza egiteko. Etxebarrieta Gasteizko flamenko dantzaria da eta Gonzalezen irakaslea izan zen Madrilen. Ikastaroak emanen ditu dantza eskolan ere. “Oso pozik nago Irantzuren dantza eskolan egotean. Oso polita gelditu da. Merezi zuen”.