Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunean egindako kontzentrazioan 50 bat pertsona elkartu ziren udaletxe aurreko aldean. Indarkeria sexistaren aurrean hartu zure ardura. Aski da! leloa zuen pankarta zuten buruan. Mugimendu feministako kideek bukaeran adierazi zutenez “bada garaia sistema honek sortzen duen beldur eta biolentzia arduraz kudeatzeko, erradikaltasunez, hau da, arazoaren errora jo” behar dela, “norberaren jardunetik gure praktika politiko kolektiboetara pasatuz. Ardura lekualdatu, banatu eta indarkeria sexistaren kontrako borrokan apustu garbiak egiteko garaia dugu, bakoitza bere eremutik, norabide berdinean”.
Sozializazioa
Mugimendu feministako kideek indarkeria sexistaren inguruan egiten diren “lanketa formal eta politikoki zuzenak” gogora ekarri zituzten, “nor bere burua zalantzan jarri ez eta errora jotzen ez dutenak”. Horren aurrean, azpimarratu zuten indarkeria sexista “sistema patriarkalaren makineriak darabilen tresna dela emakumeok azpiratuta betikotzeko, jendartean gizon eta emakumeon arteko botere harremanak mantentzeko”. Hau da, “batzuk, boterearen jabe, aktibo, dirudun izaten jarrai dezaten eta, besteok, des-botere, pasibo, pobre, abegikor jarrai dezagun”.
Emakume gisa sozializatutako pertsonak txiki-txikitatik beldur dosi handiz elikatu dituztela gaztigatu zuten. “Ez digute utzi beldurra erantzun bilakatzeko gaitasunez janztea. Are gehiago, sozializazio prozesuan gure buruarengan segurtasuna izatea ahalbidetzen duten esperientziak ukatu dizkigute, gure barne mugak errotuz”. Bortxaketa mehatxuaren adibidea jarrita mugimendu feministako kideek adierazi zuten mehatxu horrek “gure ekintza eta espazioan egoteko moduak mugatzen ditu. Honek izen eta helburu argia du: indarkeria eta kontrola”.
Emakume adinduak
Nafarroako Pentsionistak Martxan taldeak kontzentrazioaren akaberan gogora ekarri zuen zerbitzu publikoetan murrizketak ematen diren garaian lortutako eskubideak galtzen ari direnak adinduak eta pentsiodunak direla. Emakumezko adinduak muturreko egoeratan bizi direla gogorarazi zuten, “miseriazko pentsioekin edo pentsio publikoak izateko aukerarik gabe, kotizatutako enplegua eduki z dugulako. Hori guztia lan erreproduktibo eta zaintza lanaz arduratu behar izan dugulako”. Adineko emakumezkoek egiturazko genero indarkeria sufritzen zutela salatu zuten.