Udalaren eta ADEren arteko hitzarmena berrituta

Guaixe 2015ko aza. 26a, 18:17
Kalearen bukaeran, errepide ondoan dagoen zuhaitzean jarriko dira argiak.

Altsasuko Udaleko gobernu batzordeak Altsasuko Dendarien Elkartearekin duen hitzarmena berritzea erabaki zuen astelehenean. Javier Ollo Martinez alkateak gaztigatu duenez, “Altsasuko komertzioak urte zailei euste lortu du. Udal gisa ADE laguntzea dagokigu, gure herriko bizi sozialeko agente nagusietako bat baita”.

Bestalde, ADEk proposatuta, Altsasuko Udalak udaletxe pareko berdegunearen eskuinean dagoen zuhaitzean eguberritako argia jartzeko oniritzia eman du. Eguberri garaian tokiko merkataritza sustatzeko asmoz onartu du proposamena udalak. Argiak Altsasuko enpresa bati alokatuko zaizkio eta udalak eta ADEk erdibana ordainduko dute.

Udaletik jakinarazi dutenez, zuhaitzaren argiztapena abenduaren 2an eginen den ekitaldi batean piztuko da. Ekitaldia gozatzeko ADEk txokolate-jana eskainiko du. Herriko gainontzeko kaleetako argiak, berriz, hurrengo egunean piztuko ditu udalak, zubiarekin batera. Aurreko urteetan beranduago pizten ziren.