Altsasu Memoriak bigarren erakusketa prestatu du

Guaixe 2015ko abe. 9a, 08:24
Aurreko erakusketak jendearen jakin-mina piztu zuen.

Gaurtik 20ra arte, 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean ikusgai.

Altsasu Memoria taldeak herriko historia osatu eta berreraikitzeko zeregina beretako hartu zuen. Joan den urtean 76 eta 1950 urteen arteko Altsasuko hainbat gertakari errepasatu zituen ekitaldi eta erakusketa banatan. Garagarrilean, berriz, 1950etik 1992ra bitarteko historia pasarteak jaso eta ezagutarazi zituzten ekitaldi batean. Orain azken garai horretako materialarekin erakusketa ondu du taldeak.

Gaur, 19:00etan mustuko da erakusketa. Ekitaldi xume bat iragarri dute mustutzeko. Erakusketak Jose Ramon Urtasun margolari iruindarraren bederatzi koadro izanen ditu, estreinakoz, Euskal Herrian jendaurrean ikusgai jarriko direnak. Haietako hiru ezagunak dira liburu banaren azala ilustratzeko erabili dituztelako (Corralito foral, Cristos en las escuelas eta Julia Alvarez). Taldekideek ohore handitzat dute primizia hori izatea.   

Margolanen ondoren argazkiz eta testuz osatutako kronologia izanen da ikusgai, hamarkadaka banatua dagoena. 1950/60 Frankismoa eta Altsasu tristura orokorpean; Fasako greba (1956) eta atzerriko informazioa kanpoko irratien bidez. 1960/70 legez kanpoko alderdien jarduna; gizarte gatazkak; euskal folklorearen jazarpena eta aurreneko ikurrinak. 1970/80 Burgoseko prozesua eta Altsasun izan zuen eragina; Gure Etxea kultur eta gizarte erreferentea; Aberri Eguna; erregimenaren erreforma eta atxiloketak. 1980/92 Estatu kolpea; gerra zikina Altsasun; torturak; Otan; gazteria eta intsumisioa.

Euskarriak
Altsasuko kultura eta gizartearen isla diren argazkiak, bideoak ikusteko bi kabina, pegatinak, pinak, festa egitarauak, liburuak, diskoak, pinturak… Sorpresak ere iragarri dituzte.