Euskararen Egunak badu egitaraua

Guaixe 2015ko aza. 27a, 08:28
Antolatzaileek egitarauaren berri eman zuten.

Abenduaren 3an, 11:00etatik aurrera izanen dira ekitaldiak.

“Egunaren garrantziaz jabetuta”, Euskararen Egunerako egitaraua antolatzeko, udaleko euskara zinegotziak deituta, azken asteetan herriko ikastetxeetako hainbat zuzendari, irakasle, guraso eta euskaltzale elkartu dira. Jakinarazi dutenez, aurtengoa abiapuntua da eta “urtetik urtera egunak indarra hartu eta Euskararen Eguna altsasuarrendako erreferentziala izan dadin nahi dugu”.

Guztienen izenean Haizea Ramirez de Alda zinegotziak adierazi duenez, “guretako egunero da euskararen eguna; euskarak 365 egun ditu. Abenduaren 3an, baina, indar handiagoz ospatu eta aldarrikatu nahi dugu gure herriko hizkuntzaren eguna”. Antolatutako egitarauan altsasuarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.

Egitaraua
11:00etan Egunari euskararen aldeko martxa musikak alaiturik, Foru plazatik Zumalakarregiraino. Euskararen aldeko lelo bat gainean eraman, banderola, kartela, kamiseta… izan daiteke. Bukaeran mezu horiek irakurtzeko aukera izanen da.

11:30ean Altsasuko bertso eskolako bertsolariak. Zumalakarregi plazan.

12:00etan Ekitaldi publikoa Iortia kultur guneko ezkaratzean. Adierazpen instituzionalaz aparte, hainbat herritarrek irakurketa publikoa eginen dute. Bukatzeko, talde argazkia eginen da.

17:00etan Haurrendako zinema: Dragon Ball Z: F berpiztua.