Altsasuko Barricarte herri lasterketak erabakiko du Sakanako Kopa

Guaixe 2015ko abe. 2a, 13:48

Ohikoa denez, abenduaren 8an jokatuko da Zubeztia elkarteak prestatutako 35. Oinezko lasterketa edo 32. Alberto Barricarte memoriala.

Altsasuko Zubeztia elkarteak Altsasuko Udalaren laguntzarekin antolatutako Herri Lasterketak 35. edizioa beteko du aurten eta 32. urtea izango da aipatu lasterketak Alberto Barricarte memoriala izena hartu zuela. Proba herrikoi hau, ohi denez, abenduaren 8an jokatuko da, Ama Birjinaren egunean. Aurten asteartearekin, 11:30ean. Festa eguna da, eta korrikalariendako zita garrantzitsua da, San Silvestrearekin batera urteko azken hitzordua izaten baita. Aurreko urtean 216 korrikalarik hartu zuten parte proban, eta Antonio Etxeberriak (40:52) eta Elena Calvillok (50:22) irabazi zuten. Guztira 52 sakandar aritu ziren eta Javi Moreno (42:43) eta Izaskun Beunza (51:11) izan ziren azkarrenak.
 
12,4 km
Antolakuntzak parte hartze polita espero du. Ez dago aldaketa nabarmenik eta herrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 12,4 km. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik. Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasatu eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba.

Izena ematea egunean bertan
Izena ematea dohainik da. Aurretik www.dantzalekusakana.com web gunean egin daiteke edo egunean bertan, lasterketa baino lehen, 10:00etatik 11:30era, Gure Etxean. Bi kategoria izanen dira: 18 eta 39 urte arteko emakumeak eta gizonak, eta 40 urtetik goragoko emakumeak eta gizonak. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da. Gainera, sariak zozketatuko dira.

Sakanako atletismo kopako azken lasterketa
Lasterketa honekin Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sariari bukaera emango zaio. Orain arte lau proba jokatuta, gizonezkoetan Sergio Garcia de Eulate da lehena eta Raul Audikana eta Iban Gonzalez hurrenak, puntutara berdinduta. Emakumezkoetan Izaskun Beunza da lehena, Ginesa Lopez eta Maite Zabaletaren aurretik. Barricartek erabakiko du dena.