Emakumezkoen Futbol Egun ederra

Guaixe 2015ko abe. 2a, 10:30

Bukaeran talde argazkia atera zuten guztiek. Argazkiak: Guzman Lobo.

Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako egunean, Nafarroako 18 urtez azpiko selekzioak eta Athleticek bina berdindu zuten

Emakumezkoen futbola sustatzeko egiten duen lanari jarraiki, Emakumezkoen Futbol Eguna antolatu zuen Sociedad Deportiva Alsasuak larunbatean Dantzalekun. Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina euriaren gainetik giro beroa nagusitu zen Dantzalekun.

Lehenik eta behin, Nafarroako Emakumezkoen Futbol 8 mailako 7. Jardunaldiko partida jokatu zuten Altsasuk eta Ardoik. Altsasuko neskek sekulako lana egin zuten eta 9 eta 0 irabazi zioten Ardoiri. Irati Igoa, Saioa Erdozia, Eider Vicente eta Nerea Arellano izan ziren golegileak. Ondoren, emakumezkoen futbolaren festa borobildu zuen partidaren txanda iritsi zen. Nafarroako 18 urtez azpiko emakumeen selekzioak eta Athletic de Bilbao B taldeek lagunarteko partida jokatu zuten. Partida bikaina eskaini zuten eta partida binako berdinketarekin despeditu zen.


Partida bukatzerakoan, Sociedad Deportiva Alsasuak oroigarriak banatu zizkien bi taldeei, Lacturale eta Frutas Zabalzak eskainitako produktuak, tartean. Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari Ruben Goñik, Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafael del Amok eta Altsasuko alkate Javier Ollok banatu zituzten sariak. Eta Atheticeko neskek ere oparia ekarri zuten Sociedad Deportiva Alsasuarendako. Bukaeran, talde eta gonbidatu guztiek argazkia atera zuten “Neskak ere futbolari” pankarta aurrean zutela.