Bi kluben ekarpenekin klinikako gimnasio hobetu da

Guaixe 2015ko abe. 13a, 12:20
Migel Angel Montesinos eta Martin Amillano (Altsasuko Kirol Elkartekoak), Josu Alustiza (fisioterapeuta), Peio Bergara (Dantzaleku Sakana) eta Patxi Goikoetxea (Klinikako Lagunen Elkartearen Ordezkaria).

Dantzaleku Sakana eta Sociedad Deportiva Alsasuak 2.500 euroko ekarpena egin dute.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko gimnasioak abendu hasieratik tresna berria du. Haren bidez klinikan egonaldiak egiten dituzten pertsonek hankak indartuko dituzte. Klinikako fisioterapeuta Josu Alustizak esan duenez, “makina berriarekin klinikan artatzen ditugun gaixoen errehabilitazioa hobetuko dugu, euren gaitasun funtzionalak hobera eginen baitu”.

Klinikarako makina Dantzaleku Sakanak Onddo lasterketako izen ematearekin jasotako 1.700 euroekin eta Sociedad Deportiva Alsasuak ferietako erremonte jaialdian Koteto Ezkurraren xistera baten zozketatik lortutako 800 eurorekin erosi da.