Altsasuko Euskararen Eguna 2015

Euskaraz bizitzeko nahia

Guaixe 2015ko abe. 10a, 19:29

Estreinakoz Euskararen Egunean, abenduaren 3an, ekitaldia egin zen Altsasun. Eta beste urte batzuetarako hazia izateko nahia adierazi zen. Foru plazatik Zumalakarregi plazarainoko kalejira egin ondoren, han Altsasuko bertso eskolako Josema Leitza, Aritz Goikoetxea, Idoia Granizo eta Ekain Alegre bertsotan aritu ziren. Musika lagun Iortia kultur parera joan ziren eta han hainbat irakaslek, ikaslek eta herritarrek euskara gaia zuten euskal idazleen testuak irakurri zituzten. Elkartutakoen talde argazkia egin ondoen egitaraua haurrendako zinema emanaldiarekin despeditu zen arratsaldean.

Haizea Ramirez de Alda euskara zinegotziak azaldu zuenez, Euskararen Eguna ospakizunetik du, “euskararen gizarte erakundeek lan handia egiten dutelako euskararen normalizazioaren alde”. Baina aldarrikapenetik ere, “euskararen konpromisoa eta sustapena aldarrikatzeko eguna. Euskararen normalizazioa aldarrikatzekoa da”.

Erantzukizuna
Hizkuntzaren normalizazioan udalak erantzukizun zuzena duela gogorarazi zuen zinegotziak: “zentzu horretan, Udalak konpromiso sendoak eta erabaki ausartak hartu behar ditu euskararen alde. Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu behar ditu, euskararen arnasguneak (espazio sozial euskaldunak) bultzatu eta indartu behar ditu, herritarrengan euskararen aldeko jarrerak sustatu, hiztun berriak lortzen lagundu, euskarazko aisia sortu eta bermatu, eta abar”.

Urteko egun guztiak euskararenak izan behar zutela nabarmendu zuen Ramirez de Aldak. Erdaldunek duten paper garrantzitsua nabarmendu zuen. Eta gonbiteak luzatu zituen: “gonbidatzen zaituztegu euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzera: dakienak edonon, edonorekin eta edonoiz erabiliz, erdipurdi dakienak euskara erabiliz eta hobetuz, eta ez dakienak euskara ikasiz”.

Egitaraua udaleko Euskara Batzordearen lehen fruitua da, “izan ere, Euskararen Eguna egun handia eta garrantzitsua da, gure hizkuntzaren eguna” esan du udaleko euskara zinegotzi Haizea Ramirez de Aldak. Azaroan elkartu ziren lehenengoz ikastetxeetako hainbat zuzendari, zenbait guraso, beste hainbeste irakasle, euskaltzale, euskara zinegotziarekin batera. Altsasuko Udalak euskararen alorrean egin beharko lukeen lanean eragin eta elkarlanean hainbat ekimen aurrera eramaten hasteko bidea izan zen.