Patxi Zubizarretarekin bere bi liburuz hizketatzeko gonbitea gonbidatua

Guaixe 2015ko abe. 16a, 08:07

Bihar, abenduaren 17an, 9:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean idazlearen Hiru gutun Iruñetik (Pamiela, 2012) eta Emakume sugearen misterioa (Alberdania, 1993) liburuez ariko dira.

Urtero moduan, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta AEK-ko Itsasi euskaltegiak urtero literatura solasaldia antolatu dute. Euskaraz idazten duen idazle baten obra aukeratu, hura irakurtzeko gonbitea luzatu eta harekin elkartzean idazlearen eta irakurlearen arteko iritzi eta inpresio trukea sustatu nahi du solasaldi horrek. Euskaltegiko ikasleak, Mintzakide programako kideak eta nahi duten sakandar guztiak daude Patxi Zubizarretarekin izanen den solasaldira gonbidatuta.

Zubizarreta Haur eta Gazte literaturan aritua, baita helduen eta itzulpengintzan ere, musika eta literatura uztartzeko ahalegin handia egin du. Euskaltegiko ikasleekin eta nahi duen guztiarekin bi liburuen gainean hizketatuko da Altsasuko Iortia kultur gunean: Hiru gutun Iruñetik (Pamiela, 2012) eta Emakume sugearen misterioa (Alberdania, 1993).

Hiru gutun Iruñetik
1939ko garilaren 25ean, aurrena Irati treneko merkantzia bagoietan Irunberriraino eta kamioietan gero, ehundaka preso eraman zituzten Iruñetik Erronkari ibarraren izen bereko herrira. Txerrien pare metatuak, herritarrek zer ganadu mota ote zekarten galdegin zioten elkarri, edota igitariak, txerpolariak edo ijitoak ote ziren. Baina luze gabe fusildunen oihuetara lerrokaturik ikusi zituztenean, gizonilo haiek presoak zirela pentsatu zuten. 

Muga piriniarreko babeserako lanak egitera omen zetorren Langileen 127. Bataloi hura, eta Zaraitzu eta Erronkari ibarren arteko errepidea izango zuten lantegi, hala nola beste hainbat beharginek Lesaka eta Oiartzun, edota Eugi eta Irurita lotzen jardun beharko zuten. Alabaina, Langileen 127. Bataloiko 1. eta 2. konpainiak Bidankozera bidali zituzten urte hartako urrian, eta Igarira 3. eta 4. konpainiak, abenduan. NODOaren hitzak ziren: «Aberriaren Lana, Ogia eta Zuzenbidearekin, presoak astiro-astiro ari dira berreraikitzen beraiek lehenago dinamitaz suntsitutakoa». 

Zarpazikin, oin nekatuak herrestan eta automaten pare, gatibuak goizean goizetik turuta hotsera ibiltzen ziren: lerrokatu, zenbaketa amaigabeak egin eta, batik bat, pikotxa, pala, esku orga eta saskiekin, leher gaizto egin arte, errepidea zabaltzen…

Emakume sugearen misterioa
Tomas, “hiriko trenak ekarritako” protagonista nagusia, Larrañetara iritsi da, San Migel jaietan, eta ondo ikasia dakar bere guraso ordekoek irakatsitakoa: “zuk beti esan 1926ko abenduaren 21ean sortua zarela, Tomas Sainduaren egunean”. Hiriko trenak ekarritako umeak, La Troupe Francesco-ko titiriteroak ezagutuko ditu: neska bat, agurea eta emakume sugea. Eta misterioa.