Amaitu da Azarokotea kanpaina. Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak bukaerako sari banaketa egin zuen iragan larunbatean Altsasuko Foru plazan. Joan zen urtean makina bat produktuz osaturiko saski bat zozketatu ondotik, aurten 40 urdaiazpiko banatu ditu. Modu horretan esker ona erakutsi nahi izan diete kanpainak iraun bitartean elkarteko kide diren 47 dendetan erosketak egin dituzten pertsonei. “Zuengandik [bezeroengandik] gertu gaude, eta sari banaketa honen bidez zuen kolaborazioa eskertu nahi dugu”, adierazi zuten dendarien asoziazioko kideek larunbateko ekitaldian.
Sakandarrek eguberri aurreko erosketak ibarreko dendetan egitea da Azarokotearen xedea. Kanpaina horrek aurtengoa bigarren edizioa izan du (bi urtez Altsasuko dendariek antolatu zuten, eta azken bi urteetan Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak atondu du). Dendarien asoziazioko lehendakari Tania Ganboa pozik agertu zen jendeak emandako erantzunarekin: “Oso polita izan da. Jende pila bat animatu da. Saria ez da bakarra izan, 40 urdaiazpiko zozketatu dira, eta horrek zeresana izan du jendeak kanpaina honekiko izan duen jarreran. Balorazioa, oro har, oso ona da”.
Haatik, Ganboak aitortu zuen oraindik lan handia dutela egiteke, batik bat jendea sentsibilizatzeri dagokionez. Bere aburuz, erosketak Sakanako dendetan eginda ibarreko ekonomia hauspotu egiten da, baina sakandar asko oraindik ez dira horretaz jakitun. “Uneon zer egin ikertzen ari gara. Garbi daukaguna da instituzioen aldetik inplikazio gehiago izatea funtsezkoa izango dela sakandarrak sentsibilizatzeko”, gaineratu zuen.
Zortedun bakarretik berrogei zortedunera
Iragan urteko Azarokoteak sari bakarra (hainbat ekoizkinez osaturiko otarrea) izan zuenez, irabazlea ere bakarra izan zen: Elena Lizarraga arbizuarra. Aurten, aitzitik, estrategia aldaketa izan da, saria askoz ere ugariagoa izan baita. Berrogei urdaiazpiko, eta beste horrenbeste zortedun izan dira. Hauek izan dira sarituak: Marce Lizarraga
Asun Bergera, Josu Crespo, Marian Lakidalga, Dina Reparaz, Jone Peña, Amaia Lazkoz, Elena Parsghiv, Paco Mateo, Tamara Pedro, Jose Antonio Larraza, Oihana Agirre, Escolastica Loiola, Olatz Morras, Isabel Rodríguez, Ezequiela Diez, Rosa Mari Saez de Adana, Amaiur Bengoetxea, Sara Arakama, Saioa Satrustegui, Mª Mercedes Perez, Mª Teresa Chaparro, Fausti Fresneda, Maria Martinez, Carmen Ojer, Puri Alzelai, Esperanza Martin, Loli Roldan, Roman Vazquez, Ainara Zeberio, Jose Antonio Etxarri, Maite Salgado, Gorka Urteaga, Maribi Maguregi, Nerea Martinez, Juani Ganboa, Roberto Bueno, Nuria Galarza, Conchi Vicente eta Edurne Ollo.
Lastailean telebista bat zozketatu zuten
Azarokotea ez da Sakanako Dendari, Ostalari eta zerbitzuen elkarteak 2015ean egin duen zozketa bakarra. Izan ere, lastailean 32 hazbeteko telebista bat zozketatu zuten elkarteko kide diren establezimenduetan erosketak egindakoen artean. Irabazlea Mari Cruz Araña etxarriarra izan zen.