350 igerilari Altsasun

Guaixe 2015ko abe. 16a, 09:31

Giro polita izan zen Altsasun. Argazkiak: Sakanako Igeriketa Taldea.

Nafarroako Kirol Jolasetako Promesen Ligako benjaminen 2. jardunaldia jokatu zen

Zelandi kiroldegia igerilarien bilgune izan zen larunbatean. Izan ere, Nafarroako Kirol Jolasetako Promesen Igeriketa Ligako benjaminen 2. jardunaldia jokatu zen bertan. Nafarroako klub ezberdinetako 350 neska-mutiko aritu ziren jardunaldian, Iruñeatik, Tuteratik, Tafallatik, Lizarratik, Agoitzetik eta beste hainbat tokitik etorrita. Jakina, Sakanako Igeriketa Taldekoak ere aritu ziren lehian.


Sakandarren lana
Gizonezkoen 50 m bizkarrean 103 mutiko aritu ziren. Sakana taldeko Oihan Unamuno Ruiz 7.a sailkatu zen, Joseba Beltran-Heredia 12.a eta Mikel Rodriguez Yeregui 42.a. Emakumezkoen 100 m bularretan 70 partaide izan ziren. Sakana taldeko Nahia Miguel Goikoetxeak 18. postuan despeditu zuen lana, Joane Gardia Duranek 19. postuan eta Maddalen Oiarbide Unamunok 25. postuan. Emakumezkoen 50 m bizkarretan 72 neska lehiatu ziren; Joane Garcia Duran 14.a silkatu zen, Maddalen Oiarbide Unamuno 36.a eta Nahia Miguel Goikoetxea 42.a. Bukatzeko, gizonezkoen 100 metro bularretan 36 mutil aritu ziren.

Sakana taldea handitu nahi dute
Sakana Igeriketa Taldeko arduradunen esanetan “Sakanako neskamutilek oso paper ona egin zuten. Gurea talde apala da, kide gutxi gara, baina emaitza onak izan genituen”. Sakanako igeriketa taldean Arbizuko, Etxarriko, Urdiaingo, Uharteko, Olaztiko, Lakuntzako eta Altsasuko neska-mutilak daude, eta taldea zabaltzea, kide gehiago egotea nahiko lukete. “Ea mutil eta neska gehiago animatzen diren eta denon artean Sakanako igeriketa taldea handitzen dugun” diote. Interesatuek Zelandi kiroldegitik pasa eta bertan galdetu dezakete. Bukatzeko, larunbateko igeriketa jardunaldia antolatzeko ATABO Altsasu S.L eta Altsasuko Udala eskertu nahi dute taldekoek, “euren disposizio onagatik”.

Kimuak Noainen
Sakana Igeriketa Taldeko kimuak Noainen egon ziren lehiatzen eta emaitza onak lortu zituzten. Emakumezkoen 100 m bizkarretan 60 neska lehiatu iren. Sakana taldeko Irune Lizarraga 8.a sailkatu zen, Ane Morentin 16.a, Estibaliz Mateos 33.a eta Irati Gorospe Marques 50.a. Gizonezkoen 100 m bizkarretan, 36 mutil lehiatu ziren eta Sakanako Unai Irigoien hirugarrena sailkatu zen, Unai Rodriguez 10a eta Adur Irigoien 16.a. Bukatzeko, emakumezkoen 200 m bularretan 58 neska lehiatu ziren eta Sakanako Irune Lizarraga 18.a, Ane Morentin 29.a, Irati Gorospe 44.a eta Estibaliz Mateos 51.a sailkatu ziren.