Erkudengo Ama abesbatzak eguberriei doinua jarriko die

Guaixe 2015ko abe. 18a, 12:33

Abenduaren 19an, larunbatean, 20:45ean Altsasuko elizan.

Erkudengo Ama abesbatzak eguberriko kontzertua eskainiko du bihar. Biharko emanaldirako garaikoak propio diren kantuekin batera bestelakoak ere tartekatuko ditu. Kantu batean, gainera, Inma Arroyok zuzentzen duen abesbatzak Josetxo Lumbreras musikariaren laguntza izanen du.

Emanaldi horrekin emanaldiz betetako asteak itxiko ditu Erkudengo Amak. Azaroaren 29an Orioko Salatxo abesbatzaren bisita hartu zuten eta haiekin, ohi bezala, elkarrekin kantu batzuk eman zituzten. Altsasuarrak bisita bueltatzekotan dira.

Nafarroako Eguneko emanaldiaren ondoren, abenduaren 5ean Iruñeko II. Eskualdeen Abesbatzen topaketan kontzertua parte hartu zuen Artziniegako (Araba) Bleibet abesbatzarekin, Baionako Henara emakumeen abesbatzarekin eta Valladolideko Animus Vocal abesbatzarekin. Beste koralen kalitatearen jakitun, erronka izan zen abesbatza altsasuarrarendako eta eliza gainezka bete zuen publikoaren gustukoa izan zen Erkudengo Amaren interpretazioa. Kantariak Iruñetik pozik bueltatu ziren.