Elkartasunari 10 urte doinuak jartzen

Guaixe 2015ko abe. 31a, 09:41

Ilbeltzaren 2an, larunbatean, 19:30ean eta 22:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.




Trasteando taldeak aurten 10 urte bete ditu. Bere emanaldien urteroko zerrendan eguberriak elkartasun kontzertuak eskaintzeko gorde dituzte. Eta hala izanen da eguberri hauetan ere. Taldeko 15 kideak musikari altsasuar Iortia kultur gunera igoko dira euren hango eta hemengo doinuez entzuleei une atseginak eskaintzeko asmoz.

Cruz Mari Martinez taldekideak jakinarazi digunez, urteurrena ospatzeko aurreko elkartasun kontzertu guztietan lagundu dieten musikari guztiak gonbidatu dituzte. Izan ere, Trasteandok gitarrak eta ahotsak ditu adierazpide baina halako emanaldietan metalak, txirulak eta akordeoiak dituzte lagun. Taldearen ibilbideko kantuen aukeraketa batekin osatuko dute 10. elkartasun kontzertuko errepertorioa.

Eta horri gizarte erantzukizuna batuko diote, sarreran jasotako dirua ongintzara bideratuz. Aurten Nafarroako Elikagai Bankuari eta Accion contra el Hambre gobernuz kanpoko erakundeei (GKE) bideratuko zaie dirua. Orain arte emandako bederatzi kontzertuetan 22.500 euro inguru jaso ditu taldeak, guztiak GKEei eman dietena. Martinezek gogora ekarri du argitaratu dituzten hiru diskoetako dirua, 10.000 bat euro, Accion contra el Hambre erakundearendako izan zela. Egiten duten musika sozialaren zifrak dira horiek.

10 urte
Atzera begiratuz, Martinez dioenez, Trasteandok “espazio bat bete du herrian”. Eurek egiten dutena “musika sozial” gisa definitu du Martinezek. Hala, abenduero moduan Josefina Arregi klinikan eta Aita Barandiaran adinduen etxean kontzertu bana eskaini dute. Aurten bertan bitan kantatu dute Iruñeko kartzelan. Araian ia urtero elkartasun kontzertua egiten dute. Burlatan aritu dira aurten ere.

Jarritako helburuak betetzat jo ditu Martinezek. Atzera begirakoan Trasteandok argitaratutako bost diskoak gogora ekarri ditu. Haietako hiru elkartasunezkoak ziren eta beste bietan Altsasuko joan den mendeko 50eko eta 60ko herri kantuak jaso zituzten. “Altsasuko memoria inmateriala jaso dugu horrela” zehaztu digu Martinezek. Ez ditu ahaztu ere Luis Mari Lopezi eta Anjel Iriarteri, Potajeri, egindako omenaldiak.