Bizikletan ere urteari agur

Guaixe 2015ko abe. 30a, 11:31

Sociedad Deportiva Alsasuak antolatuta, 2015eko San Silbestrea 33. Urbasa Igoera izanen da abenduaren 31n, 15:30ean

Sociedad Deportiva Alsasuak Altsasuko Udalaren laguntzarekin eta hainbat komertzioren babesarekin antolatutako San Silbestre bizikleta martxak 33. edizioa hartuko du aurten. Proba 15:30ean abiatuko dute zikloturistek. Gehienen asmoa ongi pasatzea da, baina badago lehiatzera doanik ere. Aipatzekoa da badagoela txirrindularitza proba honen ondotik 19:00etan abiatzen den San Silbestre oinezko lasterketan parte hartzen duenik ere.

Urbasara Altsasutik
Urbasako igoera Altsasutik egingo da, eta txirrindulariek Urbasako tontorrera heldu beharko dute. Igo ondoren salda beroa hartzeko aukera izango da, gorputza berotzeko. Proba despeditu eta gero, txirrindulariek Sociedad Deportivako tabernan kamiseta bat jasoko dute, dortsala bueltatzerakoan. Bertan eginen da sari banaketa, 17:30ean.
Aurreko urtean 100 txirrindulari inguruk parte hartu zuten eta Ion Zeberio Morras eta Patxi Cia Apestegia izan ziren azkarrenak.

Izen ematea
Proba hasi baino 45 minutu lehenago Sociedad Deportiva Alsasuan.