665 korrikalari Altsasuko San Silbestrean

Guaixe 2016ko urt. 3a, 16:11

Sergio Garcia de Eulate eta Izaskun Beunza izan ziren azkarrenak

Urtea despeditzeko San Silbestre lasterketetan parte hartzera animatu ziren Sakanako korrikalariak. San Silbestrearen 37. edizioa jokatu zen urteko azken egunean Altsasun, Mario Memoriala izena hartu duen proban. Nafarroako probarik zaharrena den honetan aurreko urteko parte hartzea mantendu zen. 2014ko edizioan 667 korrikalarik parte hartu zuten proban, eta aurtengoan 665 korrikalarik, horietatik  432 korrikalari proba nagusian eta gainontzekoak kategoria txikiko probatan.

Dantzaleku-Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatutako proban ez zen aldaketarik egon. 18:00etan kategoria txikiko probak jokatu ziren, Altsasuko Foru plazaren inguruan, eta proba nagusia 19:00etan abiatu zen. Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman zizkioten parte-hartzaileek, guztira 4,8  km osatuz. Sergio Garcia de Eulate altsasuarra gailendu zen (14:58), Raul Audikana olaztiarraren (15:03) eta Luis Alberto Duranen (15:08) aurretik. Emakumezkoetan aurreko urteko txapelduna izan zen Izaskun Beunza olaztiarrak irabazi zuen, atzera ere, proba (17:23). Lourdes Balza (18:32) izan zen bigarrena, eta Erkuden San Martin etxarriarra hirugarrena (18:48). Txapeldunek txapela eta trofeoa jaso zituzten, eta bigarrenek eta hirugarrenek trofeoa.

Aipatzekoa da proba hasi baino lehen minutu bateko isilunea gorde zela Daniel Ziordia zenaren omenez. Bera Altsasuko atletismo eskolako sustatzaileetako bat izan zen 70. Hamarkadan eta Dantzaleku Sakana klubeko bazkidea zen, lehen zenbakiduna.

www.dantzalekusakana.com
San Silbestrearen klasifikazio osoa aurki izanen da ikusgai Dantzaleku Sakana klubaren web orrian.