Lekunberritik 3 punturekin etorri da Altsasu

Guaixe 2016ko urt. 11a, 12:13

Erregional maila. 15. jardunaldia: Beti Kozkor 0 – Altsasu 2

Ligan murgiltzea kosta egin zitzaion Altsasuri, baina badirudi gutxinaka ligari tamaina hartzen ari diotela Alonso Davilaren eta Iñaki Mendozaren mutilek. Lekunberrin Beti Kozkorren kontra aritu ziren altsasuarrak, Gabonen geldiaren ondorengo lehenengo partidan. Lehen zatian Beti Kozkor ongi aritu zen eta jokaldi politak sortu zituen. Baina Altsasuk ongi defendatzen jakin zuen. Bigarren zatian Altsasuk nabarmen egin zuen hobera eta jokoaren ardura hartu zuen bere gain. Areatik kanpo gol ikusgarria sartu zuen Armazabalek 60. minutuan, Altsasu aurreratuz. Handik 7 minutu eskasera Lopezek talde gorriaren aldeko bigarren gola sartu zuen. Beti Kozkor saiatu zen baina Altsasuk ongi defendatu zuen eta 2 eta 0 irabazita, 3 puntuak Sakanara ekarri zituen.

Sailkapen orokorrean Doneztebe da liderra (39 puntu). Altsasu 9. postuan dago (18 puntu). Asteburuan Lagunak taldearen kontra ariko da Altsasu, Barañainen.