Gazte altsasuarren aisialdia islatzen duten argazkiak

Guaixe 2016ko urt. 12a, 18:33

Horiexek nahi ditu Altsasuko Gazteria Zerbitzuak antolatu duen argazki lehiaketan.

Altsasuko gazteek herriko gazteen aisialdiaren inguruan duten ikuspuntua argazkietan jaso eta, gero, argazki lehiaketara aurkeztea. Proposamen horrekin zabaldu du urtea Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuak. Lehiaketa 12 eta 30 urte bitarteko gazte altsasuarrei zuzenduta dago. Bakarka edo taldeka parte hartu dezakete. Hala ere, gehienez hiru argazki aurkeztu daitezke (bakoitza bere izenburuarekin eta azalpenarekin). Argazkiak edozein teknika erabilita egin daitezke. Bi maila daude: 12-17 urte 18-30 urte. Bakoitzean, saria 100 euroko argazki materiala edota ikus-entzunezko materiala izanen da.

Argazkiak sinadurarik gabe eta egilea identifikatzea ahalbidetuko duen inolako arrastorik gabe aurkeztu beharko dira. Argazki sexistak, xenofoboak edo jarrera oldarkorrak eragiten duten argazkirik ez dute onartuko. Epaimahaiaren esku geratuko da lehiaketaren helburuekin bat ez datozen lanak baztertzea.

Epea
Argazkiak paperean inprimatuak (13x18 cm gutxieneko tamaina eta 20x28 gehienezkoa), CD batean, USB batean edo bestelako euskarritan aurkeztu daitezke, plika sistema erabiliz beti ere. Kartazal handian Altsasuko Gaztegunearen I. Argazki-Lehiaketa leloa idatzi beharko da. Txikiaren barruan, berriz, egilearen izena, abizenak, NANa, helbidea, telefonoa eta e-posta azaldu beharko dira.

Lanak apirilaren 10era bitartean aurkeztu daitezke, honako helbidean: Altsasuko Udala, Gazte Saila, Gartzia Ximenez, 36, 31800 Altsasu, edota Gaztegunean bertan. Informazio gehiagoko jo helbide hauetara: gazteria@altsasu.net edo intxostiapunta@gmail.com. Sari banaketa apirilaren 16an eginen da, 18:00etan.