Gamazadaz gehiago jakiteko

Guaixe 2016ko urt. 15a, 12:05

Gamazadan Iruñean jasotako monumentua.

Gaur, 19:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean hitzaldia izanen da.

1841eko Lege Hitzartuak Nafarroak erreinu izateari utzi eta herrialderako zerga-araubide forala ezarri zuen. Mende erdi geroago Espainiako Gobernuko Ogasun Ministroak, German Gamazo liberalak, hura kentzen saiatu zen. 1893 eta 1894 urteetan Nafarroan, bai herriaren, bai erakundeen mobilizazio orokorrak eta manifestazioak izan ziren. Horri deitzen zaio Gamazada. Protesta giro hartan, erakundeek Gamazoren neurrien kontrako 120.000 sinadura jaso zituzten 1893an (herrialdeak 300.000 biztanle zituen). Sinatzaileen artean makina bat sakandar daude. Guztiak El libro de honor de los navarros liburuan jasoak daude.

Liburu horren berrargitalpena dela eta, Gamazadaren berri emateko hitzaldia emanen du Maria del Mar Larrazak Altsasun, gaur. Nafarroako Unibertsitateko historia garaikideko irakasleak foru-protesta hari buruzko argibideak emanen ditu. Hitzaldia Mintzoa argitaletxeak eta Altsasuko Udalak antolatu dute.