Zaborren erritmora

Guaixe 2016ko urt. 22a, 17:57

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

 

Erosi, kontsumitu eta bota. Kontsumitu eta bota. Bota eta bota. Kontsumo gizarte honetan badira Toom-Pak izeneko pertsonaiak ere. Hondakinen “erreskatatzaileak” dira. Bakarrik sortzen dira eta egiteko bat dute. Zein? Zaborraren artean bilatu, aukeratu eta eraldatu. Zaborra edertasunean eraldatzen dute Toom-Pakek. Sormena musika, erritmoa, bihurtzen da. Poza eta bizitasuna. Eta Toom-Pakek horixe bera eskaini nahi diete egunarekin batera hondakindegira bizitzeko bila joanen direnei.

Goizean, argia hastean, pertsonaien eta hondakindegian bizitzeko bilatzen dutenen arteko topaketa izanen da. Zabor mendian botilak, latak, plastikoak, kartoiak, kableak, burdinak, herdoildutako bidoiak daude. Baita musika ere. Zaborretako bilatzaileek dantzekin eskertuko diete.

Erritmoz eta mugimenduz betetako ikuskizuna da Reciclart 2.0. Sormen lanaren oinarria gaur egungo gizarteak mespretxatzen duen guztian dago oinarrituta, gure hondakinetan hain zuzen ere. Gure jarrera gaitzesgarri hori salatuko dute Toom-Pakek. Horregatik edozein objektu guretako artean bihurtuko dute. Denetariko musika doinuak, hip-hopa, break-dancea, funkya eta capoeira moduko dantza adierazpideekin batera. Kulturen bidegurutze bat, modu desberdin eta dibertigarri batean mezu bakarra zabaltzeko: birziklatzeko ohitura hartu eta animatu!