Bardoak 2016

Bardoak bertsotan

Guaixe 2016ko urt. 26a, 19:27
Bi taldeetako kideak elkarrekin.

Jose Iriarte Zufiaurre, Ttotto, (1864-1929) zenaren ondoren, Altsasun bertsolaritzak segida du. Horren adierazle da Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimenean parte hartzen ari den Bota lasai taldea. Idoia Granizo eta Ekain Alegre gazte altsasuarrekin batera, Josema Leitza aritu zen bertsotan. Parean Iruñeko Xirristi Drimtim taldeko Unai Uberetagoena, Xabier Zarraluki eta Migel Anjel Ortiz de Guzman izan zituzten.

Gure Etxea eraikinean 40 entzulek adi jarraitu zituzten bertsolariak, saioa motel xamarra atera bazen ere. Entzuleek gustura parte hartu zuten bertsoaren oina asmatu beharreko ariketan. Aurreneko haurdunaldiko lehen ekografiaren aurrean guraso plantak egiten Idoiak eta Ekainek erakutsitako heldutasunarekin harritu ziren. Saioak ezohizko uneren bat ere izan zuen. Leitzak publikoan zegoen Eneko Lazkoz bertsolariari hark erabiltzen zuen doinuaz galdetu zion, ezohiko doinuekin kantuan aritzeko eskatzen baitzioten ariketa hartan. Agur umoretsua izan zuen saioak.

Larunbatekoa eta gero Bota lasai taldeko kideak igande eguerdirako prestatzen hasi dira. Aitziber Grados, Amets Artieda, Aritz Goikoetxea, Idoia Granizo, Ekain Alegre eta Joxema Leitza Lesakako Unibertsolariak taldearekin neurtuko dira.

Erlazionatuak

Bardoak Altsasun

Guaixe 2016 urt 25 Altsasu