Lokatza eta ura. Horrela deskribatzen du Juan Pedro Higuero altsasuarrak Calaisko (Frantzia) errefuxiatu kanpalekua. Jendeak lo egiten duen kanpin dendak lokatzaren gainean eta urez inguratuta daude. Arratoiak paseatzen ikusi zituzten eta zaborra nonahi dago. Usaina ere txarra da. “Jungla” izena jarri diote. Bizi baldintzak latzak dira, hala ere errefuxiatuek jatorrizko herrialdetako gerrateak baino nahiago dute. Ingalaterrara joateko une egokiena itxoiten dute Calaisen, kamioietara edo ferryetara salto eginez. Bitartean, Higuero bezalako hainbat boluntariok bizirauteko beharrezkoa dutena bildu eta eramaten die.
“Arima apurtu zitzaigun kanpalekua bisitatu zutenean eta zerbait egin behar genuela pentsatu genuen”. Juan Pedro Higuero Euromarchas 2015eko kide izan zen. Araba, Bizkai, Aragoi, Andaluzia eta Kataluniako hainbat aktibista sozialekin batera Gibraltarretik Bruselara joan ziren lastailean gaur egungo egoera salatzeko asmoz: estura ekonomikoaren, Espainiako Gobernuaren, Troikaren eta Merkelen kontra, besteak beste. Higuero aurretik itzuli behar izan zen, baina lagunak Calaiseko kanpalekura joateko aukera izan zuten.
Furgonetan bueltan zirela lagundu behar zutela pentsatu zuten. Horrela, kanpalekura eramateko gauzak bilduko zituztela pentsatu zuten. “Ez genuen ezer antolatu, gauzak sortuz joan ziren”. Higuero Altsasuko arropa bilketaz arduratu zen. “Ni bakarrik egon naiz hemen, baina eskerrak eman behar dizkiet Sakanako DYAri eta Goazen Altsasuri. Kartelak egiten eta herritik jartzen lagundu didate”.
“Ez nuen espero horrenbeste gauza biltzea. Altsasun bi furgoneta bildu genituen. Jendea oso solidarioa da. Harrigarria da: gutxien duenak gehien ematen du”. Higuero antolatutako gauza bat zen, eta ez zekien zer bilduko zuen. Aurretik elikagai bankuarekin kolaboratu izan du eta bazekien solidaritatea zegoela, baina ez zuen horrenbeste espero. Jendeak oraindik deitzen duela eskertzen du. Bilketan mantak, ume eta emakume arropak eta gorputza garbitzeko produktuak eskatu zituen, gehien bat. “Han biltegi handi bat dago eta koordinatzaile batek esaten digu zer behar duten”.
Bizi baldintza latzak
Nafarroan zehar egindako bilketen ondorioz trailer bat eraman ahal izan zuten Calaisera; arropaz, mantaz, eta abarrez beteriko mila kaxa. 1.500 kilometroko bidaia luzea egin behar zuten. Juan Pedro Higuero altsasuarra beste zazpi nafarrekin eta gipuzkoar bat joan ziren. Hilaren 13an iritsi ziren. Biltegian gauzak utzi ondoren kanpalekura joan ziren. “Biltegian zegoen jendeak esaten ziguten ez joateko, tentsioa zegoelako”. Baina hamahiru orduko bidaia egin ondoren, kanpalekura joan beharra zuten. Bitan egon ziren kanpalekuan. Lehenengo aldian ilundu zuen eta ezin izan zuten asko ikusi. Hurrengo egunean, ilbeltzaren 14an, goizez joan ziren, etxera itzultzeko furgoneta hartu aurretik.
Kanpalekuan sartu bezain laster lokatza dago. Higuerok azaltzen duenez lokatza eta ura nagusi ziren. Kanpatzeko dendak lerroan jarriak daude eta Higuero eta lagunek izena jarri diote: “kale nagusia deitzen dioguna urez beteta zegoen. Kanpin-dendak urez inguratuta zeuden”. Usaina oso txarra zen. Bizi baldintzak latzak eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeenak dira. “Kanpin-dendatik atera eta zaborra dago. Osasungaitza da, edozein gaixotasun sortu daiteke egoera horretan”. Kanpalekua luzeran handia da. Bertan dagoen jendea herrialdeka banatuta dago: kurduak kurduekin, siriatik etorritakoak elkarrekin, eta abar.
Siria, Afganistan, Pakistan, Eritrea, Kurdistan... gerratean dauden herrialdetatik ihes egin duen jendea dago Calaisko kanpalekuan. Ez zuten ezer eramateko aukera izan. Horregatik, garrantzitsua zen mantak eta neguko arropa eramatea. “Jende oso gaztea zegoen. Zaharrenak 25 urte inguru izango zituen”. 6.500 edo 7.000 pertsona inguru dago orain Calaiseko errefuxiatuen kanpalekuan. Haietako 1.500 bat emakume eta umeak dira. Gizonak dira gehienak. Ingalaterrara joan nahi dute, hori da haien ametsa. Baina Britainia Handiak mugak itxi ditu. “Badakizu zer egiten duten gauetan? Zubi batera joaten dira, behetik Ingalaterrara eta ferryra doazen kamioiak pasatzen dira. Errepidea luzea da eta ziztu bizian doaz. Kalkulatu behar dute zenbat kilometro orduko doazen, eta salto egiten dute”. Gehienek aurretik joandako senideak dituzte Britainia Handian.
Kanpalekua botako dute
Etxera itzultzeko furgonetara joaten zirenean jendarmeriaren lau furgoneta ikusi zituzten. Polizia gerturatu zitzaien eta handik alde egiteko eskatu zien. “Itzultzaile batekin joan ginen eta nik esan nion esateko europarrak ginela eta han egoteko eskubidea geneukala. Baina ez zuten ezer entzuten. Alde egiteko esaten ziguten behin eta berriz”. Kazetariekin joan ziren eta poliziek kamerak ikusi zituztenean lehenbailehen joateko esan zien. “Prentsa ez zutela nahi esan ziguten eta alde egiteko. Une horretan kamerak besoetan zintzilik zeramatzaten, ez ziren argazkiak ateratzen ari”.
Frantziako Gobernuak ilbeltzaren 14 eta 15erako kanpalekua botatzeko agindua eman zuen. 200 metro koadro bota zituzten. “Guk ez genekien egun horretan botako zituztela, baina palak ikusi genituen. Horregatik, poliziak alde egiteko esan ziguten”. Kurduen ingurua bota zuten. Garagarrilerako kanpaleku osoa botatzea espero du Frantziako Gobernuak. “Eskoltatuta eraman gintuzten itzultzeko aukera ez izateko”. Kanpalekuaren alde batean bertan lo egin ahal izateko edukiontziak jartzen ari dira. “Adineko jendea eta familiak sartuko dira. Hamabi ohe egongo dira edukiontzi bakoitzean”. Behatzetako oinatzen bidez kontrolatu dituzte.
Kanpalekuan zeudela Alacanteko lagun batekin elkartu ziren. Boluntario hilabete bat egongo da Calaisen. Berak erakusten die une bakoitzean egoera nola dagoen. “Ni ere laster hilabete baterako joango naiz boluntario”. Higuero sukaldean egongo da lanean. Gainera, martxoan bilketa berri bat eginen du Altsasun. “Oraindik ez dakit zer eskatuko diguten, biltegiko koordinatzaileak esaten digu zer behar duten. Orain, adibidez, gizonezko M tailako arropa behar da. Mantarik ez eta ume arroparik ez”.
Solidaritatea
“Gobernuek egin behar luketena egiten dugu guk”. Juan Pedro Higuero bakarrik hasi zen bilketarekin, baina ondoan jende gehiago egon da laguntzen. Solidaritatea ikusi du nonahi. “Altsasuko Udalari hurrengo bilketa egiteko biltegiren bat eskatu nahi diot”. Izan ere, lehenengo bilketa honetan Iñigo Agirrek utzitako etxe batean egin du bilketa. “Eskerrak etxea utzi zidala. Bestela ez dakit zer egingo nuen”.