Tragikomediatik tragikomediara. Bakardadea gaia zuen antzezlan batetik heriotza gaia duen beste batera pasa da Tarima Beltza antzerki taldea. Baina Altsasuko antzerki taldearen lan berria fartsa ere bada: Falstaff no cree en la otra vida. Hori antzezlanaren izenburua, Juan Manuel Herrerok, Zapak, osatu duena: “baina harekin jolasten”. Haren ustez, antzezlanaren irakaspena da heriotzak gurekin jolasten duela.
Jon Barbarin zuzendariak gaineratu duenez, “heriotza inguruan dugu eta ez dakigu hura naturaltasunez hartzen”. Inauteriak bertan dira eta “kontatzen dugun istorioa ihoteei buruzkoa da. Halako ihote parranda bat da”, argitu digu Zapak.
Tarima Beltzakoek jokatuko dutena Francisco Javier Gil Diez-Condek idatzitako obra da. 1989an Eusko Jaurlaritzaren Francisco de Avellaneda saria jaso zuen. Antzezlanaren berri 90eko hamarkadan izan zuen Zapak. Lotuta gelditu zen. “Beti taularatzeko asmoa izan dugu. Duela lau bat urte egitekotan izan ginen baina gauza bategatik edo beste bategatik aldatu egin genuen”. Maskarekin lan egitea zen arrazoietako bat.
Zein da Falstaff?
William Shakespearek Enrike IV. obran agertzen da Falstaff. Zapak hala deskribatu du: “Enrike IV.ren sasiko seme Hal printzearen bufoi potoloa, lagun borrokazalea, festazalea, andrezalea da”. Tarima Beltzak taularatuko duen antzezlanean Falstaff emakume mozkorti eta hitzontzi bat da protagonista, Maria Muxarra. “Gaitz pila ditu, baina ez da hiltzen”.
Maria Muxarra (Mertxe Herrera) Lisa Iturriagaren (Marta Diego) lagun mina da. “Herriko aberatsen alaba da Lisa”. Iturriaga andrea, Lisaren ama, (Olibi Galparsoro) ere antzezlanean dago. “Ama-Alabek nahiko erlazio gorabeheratsua dute”. Lisak lagun mina du, Amaia (Eider Leoz). Bada mutil bat ere (Nahikari Gonzalez). “Nahikarik gizonarena egiteko lan handia egin du, ez baikara klitxe batean oinarritu”. Apaizak (Juan Manuel Herrero) eta Kasildak, apaizaren zerbitzariak, (Pili Maldonado) osatzen dute pertsonaien-zerrenda.
Aurreko obran bost aktore zeuden taula gainean. Haietako bat iruinerrikoa. Oraingoan eszenara zazpi aktore aterako dira. Sakanako baratzeko aktoreengana jo dute aktore-multzoa osatzeko: Olibi Galparsoro, Nahikari Gonzalez eta Eider Leoz. Amaia Mintegi ordezkatuz sartu zen Galparsoro.
Maskarekin lana
Tarima Beltzak haiendako berria den teknika berri batekin antzeztuko du obra, aurpegi erdia estaltzen dien maskarekin. “Maskara erdiak berezitasunak ditu. Adierazi nahi dutena argi gelditzeko gorputzaren mugimenduak garbitu behar izan dituzte”, azaldu digu Barbarinek.
Mertxe Herrerak azaldu digunez, “maskara erdiarena gai interesgarria da. Zaila. Baina, zorionez, zuzendariak maskarekin lan egin du eta, horregatik, animatu ginen”. Zapak esan duenez, “gorputzarekin gehiago adierazi behar dugu eta ez gaude dinamika horretara ohituta. Kostatu zaigu neurria hartzea”. Herrerak gaineratu duenez, “aurpegiarekin adieraztera ohituta gaude. Begien adierazpidea ez izatean gorputzaren bidez gehiago esan behar dugu. Eta publikoa hor dagoela, horren kontzientzia handiagoa hartzea ekarri digu”.
Zapak eta Herrerak hasieran asko kostatu zitzaiela aitortuta ere, “maskara itogarri egiten zaizu”, ohitu eta ongi dagoela gaineratu dute. “Esperientzia polita da”. Aitortzekin segituz, Barbarinena: “krisiak egon dira. Hori ere, ona da. Taldeak behar duelako; hortik gauzak ateratzen direlako. Baina kostatu egin da, bai”.
Maskarak Zapak egin ditu. Aktore bakoitzaren maskarak egin zituen lehenik eta “gero erabat desitxuratu ditut”. Bestalde, antzezlanaren eszenografiak Tarima Beltzaren ildo minimalistari segida ematen dio. Bi eszena ditu lanak. Panel pare batekin apaizaren etxea egin dute, aldare, mahaitxo eta guzti. Shantiren tabernan bilakatuko dira elementu horiek gero.
Epeak
Martxoan hasi ziren Tarima Beltzakoak antzezlan berria prestatzen. Maskarekin trebatzen aritu ziren hasieran; “nola begiratu, gorputzarekin emozioak nola adierazi…”. Eta irailaz geroztik astelehenero antzezlanaren entseguak izan dituzte. Eta mustutzea hurbildu aurreko asteetan astelehen eta asteazkenetan elkartu da taldea.
Tarima Beltzak normalean bere obrak martxoan mustu izan ditu. Oraingoan ilbeltza akaberan izanen da mustutzea. Zuzendariaren agendak ekarri du mustutzea orain egitea. Altsasun eta gero, Villafrancan ariko dira otsailaren 20an. Abadiño eta Castro Urdialesko antzerki taldeekin trukeak eginen dituzte. “Eta hortik barna aritzea espero dugu”.
Elkarrekin hazi
Barbarin hasieratik da Tarima Beltzako zuzendaria. Bi urtez Altsasuko antzerki tailerreko irakaslea izan zen. Bere ikasleetako batzuk talde amateurra sortzea proposatu zioten eta hala sortu zen Tarima Beltza. Barbarinek aktore-multzoa hazten ikusi du. “Ni, zuzendari gisa, haiekin batera hazi naiz. Haiekin hasi nintzenean muntai gutxi eginak nituen”. Elkarrekin duten konfiantza, elkarren lan egiteko moldearen berri izatea… horiek ekarri ditu urteotako eskarmentuak. Barbarinek dionez, “onerako eta txarrerako. Bizioak sortzen direlako. Baina oso gustura, egia esan”.