Ospak Indar Gorriren kontrako operazioa artxibatzea eskatu du

Guaixe 2016ko ots. 2a, 08:04
Altsasuko Gazte Asanbladak zabaldutako kartela.

Atxiloketak salatu eta atxilotutakoei elkartasuna adierazi die. Bai Ospak bai Altsasuko Gazte Asanbladak mobilizazio deialdiei adi egoteko deia egin dute.

Indar Gorriren kontrako sarekadan bi altsasuar atxilotu dituztela eta, “errepresio indarrek alde egitea” aldarrikatzen duen Ospa mugimenduak adierazi dunez, atxiloketak “eskubide sozial eta politikoen aurkako eraso berri honetan, Osasuna kirol elkartearen zaleen aurka egin dute, Indar Gorriren aurka”. Gaineratu dutenez, “estatuaren erasoek ez dutela salbuespenik eta esparru guztietara zabaltzen direla, udazkenean internazionalismoa, kirol alternatiboa sustatzen dutenen aurka orain”.

Ospako kideen iritziz, “eraso hau estatu espainolak kirol arloan mugitzen diren talde guztiak kontrolatzeko nahiaren ondorio bat da. Legalizatzeko argudioa erabiliz, kirol elkarte guzti hauek begipean izan nahi ditu haien jardueren gaineko kontrola izateko”. Elkartzeko eskubideari erasoa dela eta Indar Gorri estatuaren eskakizun horri “men” ez ziola egin gogorarazi dute Ospakoek; “eta hau izan da estatuaren erantzuna”.

Mugimenduko ordezkarien iritziz, “Euskal Herriaren normalizazioaren bidean ezin ditugu onartu horrelako jazarpenik. Benetako Euskal Herri demokratiko bat nahi badugu, ezin dugu horrelako indar polizialik onartu, berriz ere desmilitarizazioaren afera mahai gainean jartzeko garaia da”.