Ikasleen Altsasuko inauteriaren ikuspegiak ikusgai

Guaixe 2016ko ots. 3a, 10:16

Hilaren 11ra arte, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Altsasuko hiru ikastetxeetako nesaki eta mutikiak presente zeudela, atzo arratsaldean mustu zen Altsasuko inauteriari buruzko erakusketa Iortia kultur gunean. Haurrek beraiek sortutako eskulturekin, marrazkiekin eta bestelakoekin osatu da erakusketa. Maniki banatan akerra, sorgina, Juan tranposoa eta maskariten mozorroak ere ikusgai daude. Juan Manuel Herrerok, Zapak, egindako lau buruhandi ikus daitezke.

“Inauteria mila modutara irudikatua dago; Altsasuko gazteek inauteria nola ikusten duten erakusten du”, azaldu digu inauteri batzordeko Javi Traperok. Zelandi eskola publikoko, Sagradro Corazon ikastetxeko eta Iñigo Aritza ikastolako guraso elkarteek antolatu dute erakusketa.

Atzoko mustutzean ihoteko pertsonai guztiekin antzezlana izan zuten. Ipuinaren kontaketa eta gero, lau bideo ikusteko aukera izan zituzten. Haietako bi inauteri batzordearenak ziren eta bestea Iñigo Aritza ikastolako ikasleena. Mustutzea haurrendako propio antolatutako merenduarekin despeditu zen.

Gonbitea
Lan egin nahi duen guztiarendako inauteri batzordeak ateak zabalik ditu.

Bazkaria
Astearte inauterian herri bazkaria, alubi-jatea, izanen da. Txartelak, 10 eurotan, ohiko tokitan salgai daude.

 

Joan den urteko erakusketako bidea hemen ikusgai.